Leitzako Udalak, apirilaren 1ean egindako osoko bilkuran, bi obra kontratatzea onartu zuen: Arkiskilen belar artifizialak jartzeko lanak, batetik, eta Plazaolako geltokia gaitu eta bertan aterpetxea egiteko lanen kontratazioa, bestetik.
Arkiskilekoak 574.068 euroko kostua da (BEZ barne), eta Nafarroako Gobernutik jasotako dirulaguntza 400.000 eurokoa izanen da. Opsa enpresak eginen ditu lanak eta udaberrian hasi eta irailerako bukatuta egotea aurreikusten dute.
Plazaolako geltoki zaharra egokitzeko eta bertan ostatua eta aterpetxea egiteko lanak, Comal enpresak eginen ditu. Lanak udaberrian hasiko dira eta urtearen amaieran bukatuta egotea da aurreikuspena. Geltokia gaitzeko lanen kostua 955.240 eurokoa izanen da, eta 852.000 euroko diru laguntza jasoko du.
Dirulaguntza hori, Cederna-Garalur eta Nafarroako Gobernuaren bitartez, Europako Batasunaren funtsetatik dator, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik hain zuzen ere.