Intsektuentzako hotelak jarri dituzte Leitzako liburutegiaren aldamenean

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 9a, 12:30

Leitzako Liburutegian intsektuen hotelak egin zituzten atzo arratsaldean. Egurrezko egituren barruan adarrak, zulodun enborrak, pinaburuak, azalak... sartuta intsektuak bertan babes hartu edo arrautzak jartzeko tokiak eraiki zituzten. Leitzako liburutegi aldamenean zintzilikatu zituzten. 

Aterpeak elkarteko kideek eskaini zuten tailerra eta intsektuen hotelak nola eraiki erakusteaz gain, intsektuak kontserbatzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten:«intsektuek biodibertsitatea handitu, polinizazioa areagotu eta izurriteak kontrolatzen dituztelako». Intsektu-espezieen kopurua ikaragarri jaitsi dela ere azaldu zuten: «intsektuen % 41 gainbeheran dago. Intsektuen biodibertsitatea murriztu egin da, batez ere, gizakiak habitatean eragindako aldaketengatik eta animalia horientzat kaltegarriak diren pestizidak eta intsektizidak erabiltzeagatik». Intsektuen hotelak jarrita biodibertsitatearen aldeko keinu txiki bat egin daiteke.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun