Leitzako Herri Krosaren 43. edizioa eginen dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 9a, 11:00

Iaz berreskuratu zuten krosa lau urteko geldialdiaren ondoren eta parte hartzaile kopuru handia izan zen.

Apirilaren 12an eginen dute Leitzako Herri Krosaren 43. edizioa. Berez kirol ekitaldia denari, festa kutsua eman nahi izan diote aurten eta gauera arte luzatu dute egitaraua: Aurrerako taberna ireki, food trucka antolatu eta gauerako DJa kontratatuta.

Leitzako Herri Krosa, 16:30ean hasiko da. Benjamin mailakoak, 2021 eta 2014 artean jaiotakoak, izanen dira lehenbizikoak eta 800 metro egin beharko dituzte lasterka. Segidan, gaztetxoen txanda izanen da, 2013 eta 2009 artean jaiotakoena, eta bi kilometro eta erdiko ibilbidea osatu beharko dute. Bukatzeko, maila absolutukoen txanda izanen da. Hauek bi luzera izanen dituzte aukeran: bost kilometro edo hamar kilometroko itzuliak. 

Benjamin eta gaztetxoen mailako izena ematea dohainik izanen da. Helduek Internet bidez egin dezakete izena ematea www.kronoak.com helbidean. Aurrerako bazkide direnek hamar euro eta bazkideak ez direnek hamabi euro ordaindu beharko dituzte. Egunean bertan ere izanen da izena emateko aukera, 15:30etik 17:00etara, Aurrera Elkartean. Azken orduan izena ematea erabakitzen dutenek zertxobait gehiago ordaindu beharko dute: hamabost euro Aurrerako bazkideak ez direnek eta hamabi euro bazkideek.

Krosaren osagarri

Aurten, iluntze partean hainbat berrikuntza izanen direla jakinarazi dute antolatzaileek. Aurrerako taberna 18:00etan irekiko dute eta sari banaketa 19:15ean eginen dute plazan. 19:30etik aurrera, food truck jarriko dute Labetxeko atarian eta 23:00etatik aurrera, Oixani DJ ariko da Aurrera Elkartean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun