Euskal Herriko parke eoliko handiena eraiki nahi du Repsolek, Erreka proiektuarekin. 15 aerosorgailu lirateke, 99 megawatt-eko potentziarekin. Gainera, San Migel Soron azpiestazio elektriko bat eraikiko lukete 49 x 37 metroko lursail batean eta bertatik energia atera eta Oiartzungo Arkaleko estazioraino eramateko ebakuazio-linea bat ere eraikiko lukete airetik, 21,063 kilometroko luzera eta 68 dorre izango lituzkeena.
Proiektuak kalte larriak eraginen lituzkeela salatu du behin eta berriz Urumeako Mendiak Bizirik plataformak: «naturan eta ingurumenean eraginen lituzkeen kalte izugarriez gain, bertako ondarean ere eragin zuzena izanen luke. 39 monumentu megalitiko aipatzen dira proiektuan eta horietatik 18 proiektuaren eremutik 200 metro baino gutxiagora daude».