Leitzako Udalak 2025erako aurrekontuak onartu ditu

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 4a, 20:00

Leitzako herriak 3.217.496,9 euroko aurrekontua izanen du 2024an. (Argazkia Wikipedia)

2025eko apirilaren 1ean egindako osoko bilkuran, 3.217.496,9 euroko aurrekontua onartu zuten. Gainera, Arkiskilen belar artifizialak jartzeko lanen eta Plazaolako geltokia gaitu eta bertan aterpetxea egiteko lanen kontratazioa onartu du.

2025ko aurrekontuek aurreko urteotan egindako eta finkatutako ildoei eusten diete, eta langileriari dagozkion gastuez eta gastu arruntez gainera, duela zenbait urte ezarritako apustuei eustea erabaki dute: «herriko zerbitzuak mantentzea eta indartzea, eskualdeko beste udal eta eragileekin partekatzen diren erakundeak eta zerbitzuak bultzatzea, herriko eragileen lana eta haiekiko elkarlana sustatzea, azpiegituretan eta irisgarritasunean inbertsioak egitea, azpiegiturak mantendu eta osatzea…

Aurrekontuetan jasotako partida horien guztien bitartez, Leitzako eguneroko bizitzan eragin zuzena duten hainbat eremu eta alorretan urratsak egiten jarraitu nahi du Leitzako Udalak: «kultura, euskara, mendia, berdintasuna, ingurumena, irisgarritasuna, zaintza, kirola, hirigintza, elikadura, tokiko garapena, hezkuntza…». Helburua: «herriaren bizitasunari eusteko eta herritarren ongizatea bermatzeko urratsak ematen jarraitzea izanen da».

Osoko bilkura berean, Arkiskilen belar artifizialak jartzeko lanen eta Plazaolako geltokia gaitu eta bertan aterpetxea egiteko lanen kontratazioa onartu zuen.

Arkiskil futbol zelaian belar artifiziala jartzeko lanak Opsa enpresak eginen ditu. Enpresa horrek eskuratu du lanak egiteko esleipena lizitazio proiektuan eta lizitazioak ezartzen dituen prozedura eta urrats legalak osatu bezain laster hasiko da lanak egiten. Lanak udaberrian hasi eta irailerako bukatuta egotea da aurreikuspena. Lanek 574.068 euroko kostua dute (BEZ barne), eta Nafarroako Gobernutik jasotako dirulaguntza 400.000 eurokoa izanen da.

Plazaolako geltoki zaharra egokitzeko eta bertan ostatua eta aterpetxea egiteko lanak, Comal enpresak eginen ditu eta, honetan ere, legeak agindutako prozedurak eta epeak betetzen ari dira une honetan. Geltokia gaitzeko lanak ere udaberrian hasiko dira eta urtearen amaieran bukatuta egotea da aurreikuspena.

Geltokia gaitzeko lanen kostua 955.240 eurokoa izanen da, eta 852.000 euroko dirulaguntza jasoko du. Dirulaguntza hori, Cederna Garalur eta Nafarroako Gobernuaren bitartez, Europako Batasunaren funtsetatik dator, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik hain zuzen ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun