Martxoaren 29an, goizeko zortzietan, egina zuen hitzordua Ihabengo plazan 86 mendizalek osatutako taldeak. Trabuko Bideko hirugarren etapa osatzea zuten helburu: Ihabendik Oteitzarako 18,9 kilometroko bidea. Joxe Jabier Etxeberriak emandako azalpenak aditu ondotik ekin zioten bideari. Ibiltariek paraje berde eta buztintsuetan aurrera eginez, suge koloretsu baten gisan igaro zituzten Imotz eta Juslapeñako bailarak. Bide erdia eginda, 800 metroko altuerako lepoan dagoen Gorostietako San Bartolome ermita ederreko aterpean gosaldu eta taldeko argazkia atera ondoren, ordu bata eta erdietan iritsi ziren Ezkabako inguruetara, Berriobeitiko Oteitzara. Oinetakoak nahi baino gehixeago zikinduta eta irribarrea ezpainetan zutela iritsi ziren helmugara. Bertakoek arropak aldatzeko eta mokadu bat jateko elkarteko ateak zabaldu zizkieten eta eginbeharrak eginda denek pozik, Trabukoren kantarekin bukatu zuten ibilaldia. Azken etapa baino ez zaie falta.