Gure Zirkua omenduko du aurten Euskal Herria Mendi Erronkak

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 30a, 11:00

Gure Zirkua omenduko dute ekainaren 7an.

Ekainaren 7an hamaikagarren edizioa beteko du Euskal Herria Mendi Erronkak. Urtero bezala, hitzordua baliatuko dute talde, eragile edo norbanako bat omentzeko. Aurtengo omendua Gure Zirkua izanen da, proiektu ezberdinak izanik ere bat egiten dutelako defendatzen dituzten balioetan: «euskara, lurraldetasuna, auzolana eta kirola. Sinetsita gaude txikitik eraginez amets handiak gauza litezkeela».

Gure Zirkua omenduko dute: «amestutako plaza izatetik ametsetako plaza izatera iritsi den egitasmoa». Balioan jarri nahi izan dute egiten duten lana: «eredugarria eta ikusgarria da euskaratik eta euskaraz denon gorputzak inarrosteko erakusten duen gaitasuna. Euskaratik eta euskaraz, baina hizkuntza unibertsala tresna gisa baliatuz: emozioa, ikusmina eta umorea».

Gure Zirkua zerbait bada, familia da, komunitatea, auzolana: «garaiko balio kapitalistetatik eta indibidualistetatik urrun, utopian sinetsita eraikitako talde proiektua: zirkua egiten dutenetatik hasi eta ikusle hurbiltzen garenon artean gorpuzten den herri-egitasmoa».

Hain proiektu ezberdinak izanik ere, hortxe egiten dute bat Gure Zirkuaren eta EHMEren balio garrantzitsuenek: «euskara, lurraldetasuna, auzolana… eta kirola. Sinetsita gaude txikitik eraginez amets handiak gauza litezkeela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun