Iñaki Perurena Gartziarena

«Norbere mugak aurkitzea da niretzat harri jasotzea»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 29a, 10:30

Iñaki Perurena Gartziarena. E. IRAOLA

41 urtez herri kirolen gailurrean egon zen Perurena, harri jasotzen hainbat marka hautsiz. 2013ko udazkenean utzi zituen erakustaldiak eta plazak, baina harriak bere bidelagun izaten segitzen du. 

Izenetik izanera gogoa zubi izaten da eta bistakoa da, harriz harri eraiki zituela zubi horiek Iñaki Perurena Gartziarenak (Leitza, 1956). Aitonak kontatutako istorioek eman zioten harriekin amets egiteko bidea eta, gerora, bizitzako ardatz eta bidelagun izan da harria beretzat. Ibilbide oparoa osatu du plazetan, baita plazetatik kanpo ere. Azken urtetako ahaleginak Peru Harrira bideratu ditu: «bihotzean sortu eta buruan irudikatutakoa, eskuekin landuz».

Fermin Erbitik idatzi duen Iñaki Perurena. Harria bidelagun elkarrizketa liburua izan da hitzordua egiteko aitzakia. Peru Harrin, Gorrittenea baserriko epelean, luze eta zabal aritu da TTIPI-TTAPArekin solasean.

Harri jasotzailea

Iñaki Perurenari buruz hitz egiterakoan gizon polifazetikoa dela aipatu izan da askotan. Berak, ordea, argi du: «zerbait banaiz, zalantzarik gabe, harri jasotzailea naiz. Harriak markatu du nire bizitza eta era desberdinetan harri horren inguruan ibili izan naiz eta nabil». Dena den, onartu du hainbat saltsatan ibilia dela: «uste dut pertsona bati gauza bat egiteak, ez diola bestea egitea kentzen. Nik beti ate hori irekia utzi dut. Harria bidelagun izanda, hainbat bide landu ditut».

«Harria bidelagun izanda hainbat bide landu ditut»

Lehenbiziko harria ongi gogoan du «eta gordeta ere badut, hementxe daukat Peru Harrin. Martin Alduntzin leitzarrak oparitu zidan». Hala ere, lehenbiziko harriaz galdetzean ttikitako beste oroitzapen bat datorkio burura: «hamar urte bete nituen egunean, Leitzako Iturri Zaharrean hargin bat ari zen harri bat lantzen. Ni aitonarekin paretik pasa nintzen eta harginari begira geratu nintzen. Gogoan dut gero harri kozkor bat hartu eta lurrari kendu nahian nola aritu nintzen. Larrutua egin zidan eskuan eta ohera joandakoan, larrutu horri begira egon nintzen. Zerbait berezia sentitu nuen momentu horretan».

«17 urterekin parte hartu nuen lehenbiziko txapelketan»

 

Aitonaren ahotik entzun zituen harri jasotzaileen inguruko kontuak, «istorio horiek entzunez mundu bat irudikatu nuen umea nintzela». Hamar bat urte zituen argazki batek, barruan mugitzen hasia zen harra gehiago piztu zionean: «nire astotxoarekin belarretara, herriaren beheko aldera, nindoala Leitzako gasolindegiko leihoan egutegi bat ikusi nuen. Harri handi bat altxatzen ari zen gizon baten irudia zekarren. Sekula ez nuen horrelakorik ikusi. Harri jasotzaile bat ikusten nuen lehenbiziko aldia zen. Ordura artekoa imajinazioa zen eta hura irudi erreal bat. Urtain zen argazki hartan ageri zena, 188 kiloko kubikoa altxatzen».  Une hartan ez zuen pentsatzerik, hamar urteren buruan harri hori bera bizkarreratuko zuenik: «20 urterekin eskaini zidaten harri horrekin ahalegin bat egitea. Harria eduki nuen 30 egunez etxean, ahalegina egin nuen apirilaren 30ean eta altxatu nuen 30 aldiz. Oso egun polita izan zen niretzat». 

Harria burutik ezin kendu

Harriarekin tematuta zegoen gaztetatik Iñaki, baina aitak ez zion uzten harria jasotzen: «aizkoran hasi nintzen. Aita gaztetan aizkoran ibilia zen eta hori ezin zidan galarazi». Urtebeteko ibilbidea izan zen eta Aizkolari Gazteen Txapelketa ere irabazi zuen, «hala ere nik egurra ez, harria nuen begiz jota eta aizkorara joaten nintzen bakoitzean harri jasotzaileak izaten nituen inguruan. Egunetik egunera gehiago erakartzen ninduen harriak». Aitak amore eman zuen azkenean eta hamazazpi urterekin jokatu zuen lehenbiziko harri jasotze txapelketa: «1974ko uztailaren 25ean aizkolari bezala joan nintzen Gasteizera eta handik hiru astera, abuztuaren 15ean, Donostian jokatu zen Espainiako Harri Jasotze Txapelketan parte hartu nuen». Ustekabea eman zuen: «175 kiloko harria altxa eta laugarren egin nuen».

«Harria jasotzea zen nire apustua, ez harriak jasoz apustuak egitea»

Harria jasotzea apustu

Berehala egin zuen tokia garai hartako harri jasotzaileen artean, baina dena ez zen polita izan: «apustu mundu horren kolpea hartu nuen. Ez naiz hasiko mundu horri estalia kentzen, baina argi ikusi nuen harria jasotzea zela nire apustua, ez harria jasoz apustuak egitea». Izan ere, harria eta gizakiaren arteko apustua da beretzat harri jasotzea: «pertsonak berak bere barruan dituen muga horiek aurkitzea».

Kirola

Pentsamolde aldaera ekarri zuen horrek: «hemen Euskal Herrian bazirudien herri kiroletan lekua egiteko bide bakarra apustuak egitea zela. Orduan jendeak ez zuen ulertzen kirol bezala edo batek errekor bat egin behar zuenik». Batzuetan haizea alde zuela, besteetan kontra, plazaz plaza erakustaldiak eskainiz eta errekor saiakerak eginez osatu zuen bere ibilbidea. 

Bestelako erronkei aurre egin badie ere, altxaldi bakarrean ahalik eta kilo gehien jasotzea izan du xede. 300 kiloko harria altxa zuen lehenbiziko harri jasotzailea izan zen eta 320 kilotan ezarria du bere errekorra. Esku batekin berea da markarik onena, 267 kilorekin eta harri esferikoan 211 kilokoa jasoa du. 2001eko martxoaren 24an, Leitzan emandako erakustaldia ere gogoan dute askok: «100 kiloko zilindrikoa 1.313 aldiz jaso nuen. Horretarako 6 ordu, 22 minutu eta 49 segundoko denbora behar izan nuen».

Teknika irauli

Emaitza horiek lortzeko berezkoa zuen indarra soilik ez, teknika ere asko landu zuen: «ni harri jasotzen hasi nintzenean harriak behean izaten zituen esku zuloak. Izter gainean maniobra egin behar izaten zen gerrian kokatzeko eta horrek arazo asko eragiten zituen. Harria zuzenean gerrira ekartzeko modua bilatzen hasi nintzen». Bilatu eta aurkitu: «esku zuloak gorago ekarri nituen, harri luzeagoa egiteko aukera ematen zidan horrek eta harria izterretan jartzean gorputzak berak, palanka, kontrapisua egiten du». Teknika irauli zuen eta garaiko harri jasotzaileek ere bide hori hartu zuten: «ziur nago teknika aldatu izan ez balitz, ez zirela 300 kilo jasoko».

«Teknika aldatu izan ez balitz ez ziren 300 kilo jasoko»

Bera izan zen 300 kiloko harria altxa zuen lehenbiziko harri jasotzailea: «mugarria izan zen hori eta Euskal Herrian eta kanpoan erakustaldiak egiteko bidea ireki zidan».

Fokupean egon beharra

Eskutik etorri ziren arrakasta eta ospea: «fokupean zu zaude eta jendea itzalean dago zuri begira. Gureak badu gauza bat ona, txalo artean ibiltzen gara egiten duguna egiten. Beste batzuk behin ere ez dute txalorik jasoko eta akats txiki bat egiten badute, zast!». Berari egunerokoak lagundu omen dio oinak lurrean izan eta gauzei neurria hartzeko: «harategiko lanak, abeltzaintza... ez ditut inoiz alde batera utzi. Jendeak ikusten ninduen gauean telebistan tertulia batean gaueko hamaiketan eta biharamunean, goizean, harategian ni ari nintzen haragia serbitzen. Nik uste, horrek bata eta bestea bereizteko aukera eman didala».

«Txalo artean ibiltzen gara egiten duguna egiten»

Erakustaldiak, entrenamenduak, harategia, baserriko lanak, familia, komunikabideen deiak... onartu du batzuetan dena pilatu eta presaka ibili zela: «beharbada ez nuen gozatu merezi zuen bezala harrietaz, familiaz...». Ahal zuen moduan uztartu zituen bata eta bestea: «elkarrizketa asko egin ditut telefonoz mahaian bazkaltzen hasi eta bazkaria bukatzeko tarte horretan». Tarteka entzun izan du etxekoen kritika: «alabak esan izan dit 'gu amak hezi gintuen, zu zure lanetan ibiltzen zinen bitartean'. Badirudi nire kapritxoetan ibili naizela eta horrek kontzientzia karga pixka bat sortzen dit». Gogoeta ere egin du: «ni harriekin eta ezagutzera egin beharrean, izan banintz kamio gidari bat bizi osoan errepidean zegoena soldata txiki bat irabazteko, orduan kritikarik ez zen izango». 

41 urtez  harria jasotzen

2013ko udazkenera arte aritu zen batean eta bestean harriarekin erakustaldiak ematen, «orduan esan zidan medikuak gelditu beharra nuela». Hainbeste urtez harria jasotzen pasa ondoren, fisikoki arazoak zituen: «arrazoia genetikoa, klima, adina… artrosi edo zahartrosia nahi ez badugu ere etorri egiten da». Harria beretzat bukatu ote zen galdezka hasi zen bere buruari eta iltzatuta gelditu zitzaion garai hartan Robert De Niro aktoreari entzun zion esaldia: «berak esaten zuen 'nik orain interpretatzeaz uztea, izango litzateke bizitzatik baztertu eta heriotzaren zain gelditzea'. Zer pentsa eman zidan eta esan nuen, nik zerbait egin beharra daukat». 

Orduan, sortu zuen Harria, maitasun istorioa bakarrizketa, «eta bukaeran halako poesia bat harriari eskaini eta jasoaldi bat ematen diot. Harri arindu bat da, nire gorputza ez dagoelako orain harri pisutsuak jasotzeko, baina badirudi metafora antzeko bat dela edo harria jasotzen segitzeko aitzakia».

Peru Harri

Gaur gaurkoz, Peru Harri bihurtu da bere plaza eta harriz, berak egindako eskultura eta margolanez inguratuta, hamaika istorio kontatzen gozatzen duela nabari da. Peru Harrira daraman ataka igaro eta lehenbiziko bidegurutzean harlosetan idatzita irakur liteke, hemengo bisitak indartu zaitzala eta hori da bere helburua: «hemengo bisitak zer edo zer mugi dezala bisitan datorrenaren barruan». Beretzat helduleku garrantzitsua izan da proiektua: «Peru Harrik amets egiteko aukera ematen dit. Ikusten ditut zenbat jende, sasoikoak, jubilatuta daudenak eta eguna luzea egin behar zaie. Toki honek salbatu nauela uste dut; ni bizi naizen arterako nire buruari lana eman diot. Okupazioak preokupazioa desokupatu egiten du».  

«Okupazioak preokupazioa desokupatu egiten du» 

2009an ireki zituen museoko ateak eta bertan ari da: «bihotzean sortu eta buruan irudikatutakoa, eskuekin lantzen».

Artearekin lotura

Hamaika eskulan eta margolan eginak izan arren, bere burua ez du artistatzat: «ez dut oso argi zer den artea. Gustatuko litzaidake hainbat eskultura eta margolan ulertzeko gaitasuna izatea». Berari arteak modu naturalean eman dio harriarekiko sentitzen duen pasio hori irudikatzeko bidea: «ez dut inon ikasi, ez eskulturak egiten ezta margotzen ere. Bidean sortzen joan den zerbait izan da». 

Beharretik ere helduko da, akaso, motibazioa: «gogoan dut nola nire amak baliabide gutxi zituen, baina etxeko iskina batean tiestotxo bat jarri eta harentzako apal txiki bat nahi zuen. Ohol puska bat hartzen zuen eta aizkorarekin ttaka-ttaka forma ematen zion eta ahal zuen moduan zerbait polita sortzeko ahalegina egiten zuen. Nik ere harri jasotzen hasi nintzenean harriak nahi zituen eta harririk ez zuen». Ez zen eskuak gurutzatuta gelditu: «argazkian ikusten nuen harri kubiko bat eta neronek etxean, Soberano koñakaren kajarekin egin nuen. Kartoizkoa zen kaxa eta zuzenean horra hormigoia botatzen baduzu, busti egiten da. Lehenbiziko kartoia txukun xamar gelditzeko kanpotik ohol batzuk jarri eta hormigoiez bete eta harri kubikoa egin nuen. Esan liteke orduan hasi nintzela sormen eta eskulan horretan». 

«Eskultura txiki batzuk egiten segitzeko asmoa dut»

Peru Harrin landu du bide hori: «hiru eskultura erraldoi eginak ditut. Hiru indar irudikatzen dituzte: harri jasotzailearen indar fisikoa, Nafarroako mariskala ordezkatzen duen eskulturaren barruko indarra eta mitoen indarra. Hiru indar horiek dira nire ustez, hemen harri jasotzaileak egoteko arrazoia». Arbasoen omenez egindako txapela, ameslariaren irudia, esku erraldoia, haurrengan pentsatuta eraiki duen txokoa... bisitariak topatuko dituen beste eskulturetako batzuk dira, baina harri eta artelanek bezainbesteko garrantzia dute, harlosetan idatzi dituen hitzek: «nire gogoetak, hitz jokoak, historiako pasarteak... horiei ere lekua egin nahi izan diet harriak mugitzeko indarra behar baita, baina mota askotako indarra». 

Hurrengo proiektuak

Eskultura txiki batzuk egiten jarraitzeko asmoa du orain, «eskuan oinarrituta eskultura batzuk sortzea dut burutan. Izan ere, euskaldunak bagara esku ahaldunak. Horrek eramaten gaitu hemengo humanismora. Barandiaranek eta oso ongi azaldu zuten. Gizakiok badugu kontzientzia bat eta kontzientzia hori galderak egiten hasten zaigu. Ni nor naiz? Ni hemen zertarako nago? Zeinek jarri nau hemen? Nork du ahalmena eguna eta gaua, argitu eta ilundu egiteko? Nork du ahalmena zuhaitz hauek hemendik hilabete pare batetara hostoz betetzeko? Nik hori ezin dut egin, bada zerbait nire gainetik, ahalguztiduna dena, bakoitzak izen bat emango dio horri. Nik zer egin dezaket? Hori eskertu, maitatu eta nire eskuekin gauzak egin. Esku ahalduna: nire eskuetan dago nire ahalmena». Gainera, euskarak eskuari protagonismo berezia ematen diola ere azpimarratu du: «eskatu, eskertu, eskaini, eskuzabal, eskupeko, eskubide, eskualde… esku horren protagonismoa gure hizkuntzan dago». Gainera, eskuak hainbat modutara irudika daitezke: «esku bat zabalduta, ukabila itxiarekin, bi eskuak uztartuta... joko asko ematen dute». Horretan guztian oinarrituta, «zerbait berezia» utzi nahiko luke.

Peru Harriren etorkizuna 

Eskultura horiek burutik eskuetarako bidea egiten duten bitartean, bada burutik kendu ezin duen kezka bat: «Peru Harriren etorkizunari lotutakoa. Zer gertatuko da toki honekin ni falta naizen egunean?». 25 urte daramatza museoaz arduratzen: «nik telefonoa hartzen dut, sarrerak kobratu, azalpenak ematen ditut, katapultarekin harria nik botatzen dut, komuna nik garbitzen dut eta zerbait hautsi bada neroni saiatzen naiz konpontzen. Hori da modu bakarra horrelako toki batek urte bukaeran zulorik egin gabe aurrera jarraitzeko». 

Ilusio batetik abiatu zen bera eta «ordu askoko lana dago atzetik, baina denok badakigu nora eramango gaituen bizitzak. Noiz ez dakigu». Asko eta ongi bizi izan denaren patxadaz dio: «makila bat eskuan hartzen badugu, argi ikus dezakegu zenbat gelditzen zaigun aurretik. Eta urte horietatik zenbat urtetan izan naiteke gauza ni hau dena bakarrik eramateko?». 

«Peru harriren etorkizunak kezka sortzen dit»

Ez du tokia ondorengoentzat zama izaterik nahi: «bisitan etortzen direnek irtenbidea segituan topatzen dute. Zure seme-alabek emango diote segida, baina nola esan behar diezu zure seme-alabei, astez beraien lanak egitearekin nahikoa ez eta asteburuetan, hau garbitzera, mantentzera, bisitak eskaintzera... etorri behar dutela?». Ez du ezkorra izan nahi, «baina beste gauza asko bezala, hau ere, beharbada, bukatu egingo da». Onartu du: «niri ilusioa egingo lidake norbaitek esateak: aita edo attuna segitu behar dut, baina kontziente naiz ez duela bideragarritasunik. Aseguruak, kontribuzioa, diru kontuak eramatea... denak ordainduta ez dago irabazirik».

Lana arinduz

Eguneroko lan zama arindu nahian, hasia da hainbat aldaketa egiten: «173 margo ditut eginak. Zer gertatzen da? Zuk margo bat egiten baduzu kanpoan, udako eguzki horrek erre egiten du, neguko izotzarekin puskatxoren bat botatzen du… orduan, beti konponketan aritu beharra duzu». Horregatik margolanei kolorea kentzen hasi da: «beltza, zuria eta grisa uzten».  Ez hori bakarrik: «harlosetako esaldi luzeak hitz bakarrean bildu, ondoan zenbaki bat jarri eta azalpen guztiak biltzen dituen liburuxka bat egitea ere pentsatu dut». Gaur egun Peru Harrik duen esanahia etorkizunean bizirik mantentzeko modua izan liteke: «liburu batean jartzen bada, hor dago liburua eta hemengo gauzen muina gordea gelditzen da betirako».

Bizitzaren balantzea

Bizitzaren balantzea egiteko eskatuta, «amestutako bizitza bat bizitzen» ari dela dio: «niri gaztetan esan izan balidate nire bizimodua horrelakoa izango zela, ezin izango nukeen sinistu». Geroari ez dio ezer berririk eskatzen: «askori entzuten diet erretiroa hartzen dudanean hau edo bestea egingo dut. Nik ez dut bete gabeko ametsik». Baditu, ordea, eguneroko bizigarriak: «familiarekin egon, Peru Harriz gozatu, eskulturak egin, telebistan esatari lanetan aritu, lagunekin hizketalditxoak izan..». Harria bidelagun hartuta bizi; dabilen harriari goroldiorik ez zaiola lotzen erakutsiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun