Martxoaren 12an egindako batzarrean onartu zuen udalak aurtengo aurrekontua: 621.245,83 eurokoa. Bi proiektu nagusi dituzte esku artean: herriko taberna eta denda martxan jartzeko udaletxeko eraikinean beharrezko egokitzapenak egitea eta eskolako parkea berritzea.
Hala, 230.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute udaletxeko eraikina moldatzeko. Horietatik, 120.000 euro berokuntza sistema jartzeko izango dira eta 110.000 euro lehenbiziko solairua moldatzeko erabiliko dituzte: erabilera anitzeko gela egokitu eta udal bulegoak bertara mugituko dituzte. Gauzak ongi bidean, 2026an taberna eta denda eraikitzen hasi eta 2027an zerbitzua martxan izatea nahiko lukete.
Herriko parkea berritzea izango da udalaren beste apustua. 40.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute horretarako eta ari dira pixkanaka forma ematen. Hiru enpresekin jarri dira harremanetan eta herriko haurren eskaerak kontuan izanda, proiektu bana egiteko eskatu diete. Haurrekin lanketa berezi bat egin dute eskolan eta zuzenean galdetu diete zer nolako parkea nahiko luketen: armiarma sare itxurako kolunpioa, igotzeko hainbat aukera eta aterpetxo bat dituen eraikin zentrala, txirristak... eta denek parkeaz gozatu ahal izateko egokitutako kolunpio bat ere jartzea da asmoa.
Gainera, Eskoletxea hornitzeko diru partidatxo bat gorde dute eta ostiralero eskaintzen duten udal taxi zerbitzua ordaintzeko 1.500 euro bideratuko dituzte.