Akatsez betako finala izan zen, eta gutxien huts egin zuenak jantzi zuen txapela. Partidaren erdialdera, bazirudien arazo handirik gabe lortuko zutela garaipena goizuetarrak eta ultzamarrak; baina txapelketako partida gehienetan bezala, azkenera arte sufritu behar izan zuten. Hasieran berdinduta izan ziren bi bikoteak markagailuan, baina gero, 4-6 galtzen izatetik 17-9 irabaztera pasa ziren Salaberria eta Gaskue.
Baina txapela eskura zeukatela zirudienean, pauso bat aurrera eman eta tantoak kateatzen hasi ziren Egiguren V.a eta Bikuña. Zortzi tanto egin zituzten segidan, eta tanto bakarrera hurbildu ziren gipuzkoarrak (17-16). Zorionez, berandu izan baino lehen erreakzionatu zuten Salaberriak eta Gaskuek.
Larunbatekoarekin, bigarren txapela du Iker Salaberria goizuetarrak profesionaletan, promozioko Lau eta erdiko txapelketa irabazi baitzuen 2022an. Buruz buru, berriz, bi final jokatu ditu (2022an eta 2023an), baina ez du txapela janzterik lortu orain arte.