Asier Lujanbio Jimenez

«Herria bizirik ikusi nahi nuke etorkizunean ere»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 22a, 08:00

Asier Lujanbio Jimenez goizuetarra.

Pilota eta Goizueta elkarri lotuak daudela esan izan da askotan eta Asier Lujanbio Jimenezen kasuan halaxe gertatzen da. «Goizuetako pilotazalea» dela esanez aurkeztu du bere burua eta TTIPI-TTAPAk egindako 11 galderak erantzunez, bere herriaz, dituen amets eta afizioei buruz aritu da solasean.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Goizuetako pilota zalea, klase guztietako proiektu eta erronka berriak egitea gustatzen zaiona, kalekumea ere bai eta saltsan ibiltzea gustatzen zaion saltsero bat.

Zein zaletasun dituzu?

Gutxitan bada ere, quadarekin haize hartzera joatea gustatzen zait, palan jokatzea ere bai, baita semeekin pilotan ibiltzea ere. Hala ere, denbora gehiena eskulanak egiten pasatzen dut. Egurrarekin baina batez ere burdinarekin gauza berriak sortzea, asmakuntza egitea… ideiei zukua ateratzea gustatzen zait.

Umore onez egoten zarete beti goizuetarrak?

Beti ez gara egoten umore onez, baina saiatzen gara lagunartean edo familian gauden momentu horiek umorez pasatzen.

Zerk kentzen dizu umore ona?

Deus egin ez eta besteek egiten dutena kritikatzen duten pertsonek.

Herrian toki berezia du Umore Ona Elkarteak?

Umore Ona da gure marka komertziala. Ia dena elkarte honen bueltan antolatzen da. Atal desberdinak ditu elkarteak eta indar handiena duena pilotaren atala da. 

Frontoirik ez da falta Goizuetan.

Hiru daude: batek aparkaleku funtzioa betetzen du, baina beste biak oso beteta egoten dira; goiko frontoia batez ere. 

Pilota soinurik ere ez da falta. 

Pilota azkeneko urteetan egon den momenturik hoberenean dago. Ikaragarria da jendearen erantzuna. Umeen partidetan, goi mailako afizionatuenetan… ia ostiralero jendea frontoira joaten da eta kristoren giroa sortzen da. 

Zer du berezia Goizuetak?

Bizitzeko eta familia aurrera ateratzeko txoko zoragarria da: gutxi gara, baina egunez kalean bizi asko dago eta taberna inguruan giro ederra sortzen da.

Zer du falta?

Lantokiren bat beharko genuke, herriari bultzada bat emateko. Gauden herritarrak bertan gelditu eta kanpora joan direnak bueltatzeko. 

Zerk kentzen dizu loa?

Gure atzetik heldu direnei ez dakit zer tokatuko zaien bizitzea. Goizueta nola egongo den pentsatzeak. Eta hemendik kanpora, auskalo! Gauza onik ez seguruena ere. Gure oasi honetan ere nahiko lan badugu.

Zerekin egiten duzu amets?

Herria bizirik ikusi nahi nuke etorkizunean ere. Orain dagoen bezalaxe mantentzea lortuko bagenu ere gustura nengoke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun