Lau urteko etenaren ondoren, iaz berreskuratu zuten Leitzako Herri Krosa eta 200 parte hartzaile inguru bildu ziren. Aurtengoa ere prest dute eta urtero bezala hiru kategoriatan banatuta eginen dute lasterketa. Benjamin mailakoek, 2021 eta 2014 artean jaiotakoek, 800 metro egin beharko dituzte lasterka. Gaztetxoek, 2013 eta 2009 artean jaiotakoek, bi kilometro eta erdi eta maila absolutuan bi luzera izanen dituzte aukeran, bost kilometro edo hamar kilometroko itzuliak. Benjamin eta gaztetxoen mailako izena ematea dohainik izanen da. Helduek, Internet bidez egin dezakete www.kronoak.com helbidean eta Aurrerako bazkide direnek hamar euro eta bazkideak ez direnek hamabi ordaindu beharko dituzte. Egunean bertan ere izanen dute izena emateko aukera, 15:30etik 17:00etara Aurrera Elkartean. Azken orduan izena ematea erabakitzen dutenek zertxobait gehiago ordaindu beharko dute: hamabost euro, bazkideak ez direnek, eta hamabi euro, bazkideek.
Aurten, erronka berezia ere luzatu dute Kirol Mankomunitatetik. Lekunberri, Betelu eta Leitzako krosetan parte hartu eta erronka hirukoitza osatzen dutenek, sari bereziak eskuratzeko aukera izanen dute.