Arrazakeria hizpide izanen dute ostiralean Leitzan eginen duten zineforumean

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 19a, 11:00

Williams anaien bizitza eraman dute pantailara.

Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, zineforuma antolatu du Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Gizarte Zerbitzuak. Martxoaren 21ean, 18:00etan, Los Williams dokumentala ikusteko aukera izanen da Leitzako Herri Aretoan eta ondoren, solasaldia eginen dute.

Los Williams film luze dokumental eta familiarra da, kirolari buruzkoa, Iñaki eta Nico Williamsek lehen pertsonan kontatua. Bi anai futbolari, euskaldun eta beltzek (ghanatarren ondorengoak) euren historia harrigarria erakusten dute euren bizitzako bi urte erabakigarrienen bidez. Qatarreko Munduko Txapelketan bi selekzio ezberdinekin parte hartu zutenekoa, 40 urteren ostean Athletic Clubek Errege Kopa irabazi zuenekoa, Nicok Eurokopan irabazi zuenekoa, etab. Nazioarteko bi izar, euren iraganarekin eta etorkizunarekin aurrez aurre, bizitza markatu dien gatazketan zehar: arrazakeria, nortasuna, frustrazioa, anbizioa, eta arrakasta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun