Zentral eolikoak eskualdean

Mendiak bizirik nahi dituztela aldarrikatu dute Aranon

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 18a, 14:30

Urumeako Mendiak Bizirik plataformak antolatuta eta Aranoko Udalaren laguntzarekin, hainbat ekitaldi egin zituzten martxoaren 15ean eta jendetza bildu zen.

Urumeako Mendiak Bizirik taldeak egun osoko egitaraua antolatu zuen martxoaren 15erako. Aranoko Udalaren laguntzarekin eta herritarrekin auzolanean ondu zuten guztia: «ideia izan, bospasei lagunekin hitz egin eta aldarrikapen festa antolatua zen Aranon. Pankartak egin, bide bazterretan kokatu, erosketa batzuk eta sutan jarri ziren lapikoak: salda, haragia eta txorizo egosia». 

Eguna iristean, kanpoan elurra mara-mara eta kafe baten bueltan elkartuta egin zituzten azken momentuko aldaketak: «20 bat lagun han genbiltzan, jakiei azken ukituak, karpa muntatu, eliza zinema areto bilakatu, material postua jarri...». Vidas irrenovables dokumentalaren emanaldia 11:00etan hasi zen eta Francisco Javier Baquero zuzendariak aurrez jo zuen abisua: «ez da dokumental atsegina. Gutxiago zuen herrian bertan makroproiektu eoliko baten mamua dabilenean». Aitortu dute herritarrek, Baquerok arrazoi zuela: «ez zen atsegina izan beste hainbat herri txikiren bizipenak herritarren ahotik entzutea halako proiektuen ondorioekin bizi diren bitartean. Beldurgarria eta kezkagarria da». Borrokan aritzeko arrazoi gehiago eman zizkien ikusitakoak: «dokumentaletik burumakur baino, zerbait egin beharra dagoela konbentzituta atera ginen». Pintxo pare bat jan eta mendirako bidea hartu zuten: «bertatik bertara ikustera txikizio aurretik daukagun ondare natural eta historiko konparaezina». Giroak ateri eutsi zion eta itzulerarako han zituzten zain Tapia, Izer, Jon Mari eta Alabier trikitilariak. Pieza batzuk mendian bertan dantzatu eta gero, kalejiran iritsi ziren herrira Mendiak bizirik! Horrela ez! pankarta eskuetan zutela. Herrira iristearekin batera zaparrada ederra bota zuen, «baina ordurako goxoan sartuta geunden, pintxo-trago eta trikitixa». Kontsejun goxo egon ziren musika entzunez eta Julio Soto eta Aitor Mendiluze bertsolariek borobildu zuten eguna. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun