Badira, egoera larri baten ondorioz, beraien familia biologikoetatik aldendu behar izaten dituzten haurrak. Kasu horietan, adingabeei etxean harrera egitea da beraiei laguntzeko babes neurri legala. Haurren egoera aztertzen duten bitartean, larrialdietako harrera familietan bukatzen dute haur horietako batzuk. Ez dira asko, ordea, aukera hori dutenak. Nafarroa osoan larrialdietako hamabi harrera familia baino ez daude. Areson bizi diren Ainara Omaetxeberriak eta Edu Remirezek osatzen dute familia horietako bat. Etxeko ateak zabaldu eta familia hitzaren zentzu zabalena erakutsi eta ezagutzeko prest daude: «eman bezainbeste jasotzeko». Lehenbiziko harrera bukatu berritan bildu da TTIPI-TTAPA beraiekin.
Nola erabaki zenuten larrialdietako harrera familia izatea?
Ainara: Hiru seme-alaba ditugu, baserriaren inguruan gure bizi proiektua eraiki dugu eta, garai hartan, lan eta mugimendu askorekin genbiltzan. Ez zen bila genbiltzan aldaketa bat izan, baina bat-batean barruan bulkada handi bat sentitu nuen: irudi bat, ideia bat... garatzen joan zen eta mundu zoragarri honetara eraman gintuen.
«Zero eta sei urte arteko haurrak hartzen dira harreran eta epe motzekoak izaten dira»
Edu: Ideia horri forma ematen hasi ginen, adopzioa, harrera... zein izan ote zitekeen bidea jakin nahian. Bost harrera mota daude eta larrialdietako harrera familiei buruz gehiago jakitean, sentitu genuen hori zela hartu beharreko bidea. Epe motzeko harrerak izaten dira eta zero eta sei urte arteko haurrak hartzen dira harreran.
Ainara: Seme-alabekin elkartu ginen eta gure asmoa zein zen azaldu genien. Bagenekien aldaketa izugarria zela. Hasieratik aipatu genien harrera familia izatearen alderik zailena zein izango zen. Denbora luzez gurekin egon ondoren, txiki horiek egun batean etxetik joan beharko zutela. Hasieratik izan dugu burutan aldiro egoera hori gainditu egin beharko dugula, ikasi egin beharko dugula askatzen eta beste familia batera joan arteko bide horretan laguntzea dela gure egitekoa. Konforme egon ziren hirurak.
Familiak momentuko egoerara egokitzeko prest egon behar du.
Ainara: Larrialdietako harrerak, gehienez ere sei hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute. Horrek esan nahi du denbora tarte gutxian aldaketa asko izango ditugula gure familian. Denboran aldakorra izango da: orain gure familia izango da mota honetakoa eta harrera hori bukatu eta gero izango da bestelakoa. Beharrak aldatzen joango dira eta moldatzen eta ikasten joan beharko dugu. Badakigu kasu bakoitza desberdina izango dela.
Edu: Apustu garrantzitsua egin dugu, gure eguneroko martxa hankaz gora jarriz. Hau egin ahal izateko norbaitek egon behar du eguneko 24 orduetan haurra zaintzen. Dirulaguntza batzuk badaude baina ez dira nahikoak. Kontuan izan behar da sei urtera arteko haurrei buruz hitz egiten ari garela. Harrera familia izatea ez da bateragarria biak lanean arituta.
«Larrialdietako harreretan, bat-batekoa da aldaketa»
Ainara: Bitarteko materialak ere prest izatea eskatzen du: arropak, oinetakoak, haur kotxeak... egun batetik bestera haurra etxean izango duzulako. Eskerrak inguruan laguntzarik ez dugun falta izan.
Erabakia hartuta, zein pauso eman zenituzten harrera familia izateko?
Edu: Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri ginen. Nahi izatearekin ez da aski, ardura hori hartzeko gai zarela ikusi behar dute: elkarrizketa batzuk, burokrazia asko, etxea eta familia ezagutzera etortzen dira… balorazio bat egiten dute. Segituan esan ziguten baldintzak betetzen genituela eta prest egoteko eskatu ziguten, azkar izango genuelako lehenbiziko haurrak harreran hartzeko aukera.
Ainara: Biharamunean deitu eta anai-arreba batzuk zituztela esan ziguten, mutiko jaioberri bat eta hiru urteko neskato bat. Oso azkar joan zen dena; otsailean hasi ginen prozesua martxan jartzen eta apirilean lehenbiziko harrera egiten ari ginen. Behar handia dago. Nafarroa osoan larrialdietako hamabi familia gaude. Kopuru oso txikia da eta beharra handia.
Prestatzeko denborarik ez zenuten izan...
Ainara: Larrialdietako harrerak hori du, bat-batekoa dela aldaketa. Bat-batekoa haurrarentzat, baita guretzat ere. Larrialdi bat egon da, psikologo talde bat joan da etxera, eskolara edo haurra dagoen tokira eta eraman egin dute handik. Ikasten, moldatzen, zoaz etorri ahala. Intuizioz jokatu dugu askotan, senak agintzen diguna eginez.
Edu: Behin barruan zaudela zoaz ikusten zer den harrera egitea eta egoerari neurria hartzen joaten zara. Haur hauen errealitatea oso gogorra da eta pixkanaka joan behar duzu ulertzen zure papera zein den hor. Harreran hartzen dituzun momentutik argi izan behar duzu helburu idealena bere jatorrizko gurasoekin bueltatzea dela. Ezin da asmo hori bidean galdu: gurasoak ongi egon eta haurrak beraiekin bueltatzea nahi dugu.
Psikologoen laguntza izaten duzue prozesu horretan?
Ainara: Hilabetean behin prestakuntza saioak izaten ditugu psikologoekin eta larrialdietako beste harrera familiekin batera. Oso giro polita dugu gure artean. Psikologo horiekin elkarlanean ari gara. Beraiek jasotzen dute larrialdia, beraiek erabakitzen dute haur horientzat larrialdietako harrera familiarik ba ote dagoen eta haurraren eta familia biologikoaren arteko bisitak ere beraiek koordinatzen dituzte.
Haurraren testuingurua azaltzen dizuete?
Ainara: Informazio justua ematen dute, asimilatu dezakezuna baino ez. Informazio gehiegi izatea kaltegarria da batzuetan; blokeatu egin zaitezke. Haurra shock egoeran dator, badakizu umeak oso egoera latzak bizi izan dituela. Zu saiatzen ari zara ulertzen guraso biologikoek egin dutena eta gauza oso larriak dira askotan gertatu direnak. Batzuetan kosta egingo da, baina ezin dituzu epaitu eta ezin duzu ahaztu bere gurasoak direla eta, idealena, bere familia biologikoak haurra behar bezala zaintzeko modua izatea litzatekeela.
Edu: Asteek aurrera egin ahala, haurrak dituen hainbat jokaera ikusita, zerorrek loturak egin eta ondorioak ateratzen dituzu.
«Informazio justua ematen dute: asimilatu dezakezuna»
Zuek zehazten duzue zertarako zaudeten prest?
Ainara: Zuk esaten duzu noraino irits zaitezkeen eta psikologoak ere ikusi behar du gai zarela. Eskaera egiteko orduan muga batzuk zuk jartzen dituzu. Badaude kasu batzuk, agian, ezin dituzunak eraman. Gauza oso latzez hitz egiten ari gara. Guk hasieran ez genuen mugarik jarri, baina ikusi dugu muga batzuk baditugula. Ikasgai polita da norbere mugak zeintzuk diren ikustea: gure indarguneak eta gure gabeziak.
Haurrak larrialdi egoera batetik datoz.
Edu: Haurrak motxila eta trauma handiekin etortzen dira. Abandonu sentsazioa dute eta kasurik gehienetan errudun sentitzen dira: zer ez dut egin ama ongi egoteko? galdetzen diete beraien buruari.
Ainara: Ezin duzu ahaztu haurrak bere errealitatea duela eta haur horri oreka bat eskaini behar diozula. Bere errealitatea ezin duzu ahaztu, errealitate hori zure familia guztiaren errealitatea delako orain. Guk maitatu egin behar dugu eta aldi berean lagundu behar diogu ulertzen gure etxera denboraldi baterako etorri dela. Prestatu ere egin behar duzu datorrenerako eta erakutsi, beste familia batera edo bere guraso biologikoengana bueltatzeko garaia iristen denean, gu hor egongo garela laguntzeko.
Ehuneko oso txikia izaten da jatorrizko familiara bueltatzen dena.
Edu: Ehuneko laurogeita hamarretik gora, aldi baterako edo harrera iraunkorreko familia batera joango da. Guk harreran hartutako haurren kasuan, kontsumo arazoak zituen amak. Zoritxarrez, kasu asko izaten dira halakoak. Haurdunaldian detektatzen dituzte eta jaiotzen den momentuan larrialdietako harrera familia baten esku gelditzen da haurra. Hori oso gogorra da ama batentzat. Ahal duzun moduan enpatia izaten duzu berarekin eta arreta haurrarengan jartzen duzu, baina nork laguntzen dio amari? Uste dut motz gelditzen ari garela guraso biologikoei ematen diegun laguntzarekin. Idealena litzateke, gurasoei haurrak kendu gabe, behar duten laguntza ematea haurrekin egon daitezen.
Haurrak harremanetan segitzen du guraso biologikoekin.
Ainara: Astean bitan bisitak izaten dituzte ama edo aitarekin. Haientzat ere oso gogorra da egoera: haserre daude eta harrera familiaren kontra jotzen dute askotan, nahiz eta elkar ez ezagutu. Pixkanaka aldatzen joaten da egoera eta jarraipen bat egiten diete. Saiatzen dira laguntza ematen, egoerari buelta eman diezaioten. Ez da erraza. Pentsa, zentroan sartzeko hilabete egon behar dute kontsumitu gabe. Lehendik ere kontsumo arazoak dituen pertsona batek zer egingo du erditu eta haurra kendu diotela ikusten duenean?
«Astean bitan bisitak izaten dituzte guraso biologikoekin»
Ez dira errazak izango bisita ondorengo momentuak.
Edu: Umeak oso nahasita etortzen dira. Zuk ere landu beharra duzu eta haurra prestatu. Bisita egunetan garrantzitsuena, bisita da. Lasai esnatu eta dena bisitarako prestatu behar duzu.
Ainara: Bisita horrek gauza asko mugitzen dizkizu zuri ere. Egoerari buelta ematen ikasi behar duzu. Ama batzuetan oso goran dago bizitzari eusteko. Beste batzuetan animoz oso justu eta haurrak konturatu egiten dira. Bizi izan dutenagatik heldutasun maila handia dute eta gutxien espero duzunean esaten dizu: ama bakarrik dago eta izugarrizko pena ematen dit.
Sei hilabeteko iraupena izaten du normalean larrialdietako harrerak.
Ainara: Gure kasuan zertxobait luzatu eta hamar hilabetez izan genituen gurekin etxean. Lehenbiziko sei hilabeteetan guraso biologikoengana bueltatzeko aukera mahai gainean egoten da, oso presente. Aukerak eman behar zaizkie bere gurasoei egoerari buelta eman eta haurrak berreskuratzeko. Hori ez badute lortzen, hurrengo sei hilabeteetan babesgabetasun egoera izendatu eta Nafarroako Gobernuaren ardurapean gelditzen dira. Momentu hori oso gogorra izaten da guraso biologikoentzat. Familia berreskuratzeko plan bat egiten diete orduan eta fase horretan bisita bakarra izaten dute astean, beraiengandik aldendu egiten dituztela sentitzen dute. Betebeharren zerrenda luze bat osatu behar dute haurra berreskuratu nahi badute.
Edu: Alde batetik motibatuta egon behar dute programa batean sartzeko eta bestetik ikusten dituzte haurrak beraiengandik geroz eta urrutiago daudela. Fase horretan aldi baterako edo harrera iraunkorrerako familiak topatzen hasten dira eta guk agurrerako prestatu behar dugu.
Agur esateko momentua heldu dela ikustean ezinbestean aldatuko da familiako giroa.
Ainara: Noski baietz. Gu, gainera, alderdi emozional hori asko lantzekoak gara. Informazio hori guztia haurrari eman behar diogu, gure erara eta topatzen dugu modua hori egiteko. Egia da kasu honetan neskatoa oso prest joan dela familia berrira. Eskatuko dugu munduko familia onena zuretzako, horrela izango duzu zure ama, aitatxo Edu eta amatxo Aina eta beste amatxo eta aitatxo bat. Horrelakoxea da zure bizitzako ipuina.
Edu: Egoera ulertzen eta onartzen joan zen eta bitxia izan zen erantzuten ziguna. Gure alaba koitaduak ama bakarra zuela eta bereak partekatuko zituela berarekin. Ekuazio horretan berak irabazi egiten zuela ikusten zuen.
«Harrigarria da ikustea haurrak nola egokitzen diren»
Ainara: Azaldu genion gu garela zast!, bat-batean iristen den laguntza. Ama batek bere haurra zaindu ezin duenean, ume batek benetan behar duenean, agertzen den laguntza. Eta horrela ulertu zuen gerora beste haur bat egongo dela gurekin.
Larrialdietako harrera familia batetik, harrera familia iraunkor batera joan dira bi ttikiak. Nola egiten da aldaketa hori?
Ainara: Familia berrira egokitzeko, akoplamendu fasea zehazten joaten gara. Psikologoek eta familiek parte hartzen dugu prozesu horretan eta elkarrengatik ikasiz, beharren arabera egokitzen joaten gara. Malgutasun hori badago eta lasaitasuna ematen du hartzen diren erabakiak haurra erdigunean jarrita hartzen direla ikusteak. Asko lagundu diogu elkarri eta aurrera egin dugu elkarrekin. Aprobetxatu dugu edozein tarte familia berriari tokia egiten joateko eta goxo egin dugu prozesua, denbora eman diogu fase bakoitzari.
Haurra zuen etxetik joatean, haur horrekin hartu emana eten egiten da?
Ainara: Hasieran akoplamendua elkarrekin egiten da. Familia berrira joandakoan aste pare bat egoten dira gu ikusi gabe, baina hori ere aldatu egingo dela dirudi. Umearen erreakzioa ikusi nahi da. Hortik aurrera, bi bisita egoten dira zehaztuta eta gero familia berriaren esku gelditzen da hartu-eman horrekin segi nahi ote duten edo ez erabakitzea. Gure kasuan hartu-emana mantenduko dugu. Horrek lasaitasun handia ematen du, haurra nola dagoen ikusi dezakezulako. Badakizu familia berri horrentzat zu ere garrantzitsua zarela eta haurrei ere lagundu egiten die bi familiak elkarrekin ikusteak. Gu ez garela desagertu ikusteak.
«Haur hauek gure familiako parte izango dira beti»
Nola bizi izan duzue etxetik joan diren momentua?
Ainara: Oso argi izan behar duzu haurrari joaten utzi behar diozula, askatu egin behar duzula. Harreran egondako haurrak guretzat beti izango dira gure seme-alabak, gure familiaren parte. Kanpotik begiratuta oso gogorra da, haur batzuk hartu, zure familiaren parte egin eta gero askatu behar izatea. Baina guk ikusten dugu egiten duguna bihotzez egiten dugula eta oso aberasgarria da etxera etorri ziren txiki horiek zer nolako eboluzio izan duten ikustea.
Eboluzioa aipatu duzu, zein zentzutan?
Ainara: Ttikia jaioberria izatetik, hamar hilabeteko mutiko ederra izatera pasa da. Neskatoak trauma izugarria zuen gizonezkoekin eta guztiz joan zaio. Ikusten genuen hasieran, gizonezkoengana hurbildu nahi zuela baina ezin zuela. Pixkanaka-pixkanaka joan zen hori gainditzen. Lanketa handia egin genuen eta gizon asko zoragarriak direla erakutsi diogu eta emakumeak asko eta ongi maite dituztela.
Edu: Aldaketa ikaragarria izan da. Oso ongi gogoratzen dut etxera etorri zen eguna. Besoetan hartu nahi nuen eta berak ez zuen nahi, eskua aurrean jarriz argi adierazten zuen. Gizonezkoekin ez zuen ezer jakin nahi. Izenak ere ez zituen ikasi nahi. Dena zen, ei zu! Hirugarren pertsonan hitz egiten zuen bere buruaz.
Ainara: Helburu bat eta bakarra zuen: bizirautea. Uneoro, alertan zegoen. Lehenbiziko gaua oso adierazgarria izan zen, neskatoa ohetik altxatzen zen anaiak negar egiten zuen bakoitzean. Zelatan egon zen gau osoan, bere anaia nola zaintzen nuen ikusiz. Egoera analizatzen. Ikusi zuenean ongi zaintzen nuela lasaitu egin zen.
Larrialdietako harrera familia izateak, lanketa berezi bat egitea eskatzen du?
Ainara: Horrelako prozesu batean sartzeko duzuna emateko prest egon behar duzu. Gure familiaren indarguneetako bat da alderdi emozionala asko lantzen dugula. Asko ausartzen gara emozioei hitzak jartzen. Haurrak ere azken egunetan hala esaten zigun: badator tristura, tripetatik sartzen ari zait. Eta erantzuten genion: bada atera egingo dugu kanpora, malkoen bidez.
Edu: Enpatia lantzen duzu eta egindako lanaren fruituak ikusten dituzu. Daukazu zure aurrean ume txiki bat, halako bizipen gogorrak izan dituena... eta horrek gauzei dagokien garrantzia ematen erakusten dizu. Ederra da ikustea berari laguntzen diozun bitartean, zeure buruari ere ari zarela laguntzen.
Ainara: Ikasgai oso aberatsa da denontzat. Seme-alabak ere asko inplikatu dira. Oso egoera intentsoak egon dira etxean eta eskertzekoa da erakutsi duten jarrera.
Seme-alabekin duzuen harremana ulertzeko modua aldatzen da?
Ainara: Baietz esango nuke. Haurrak zugandik askatzen ikasten duzu eta ulertzen duzu seme-alabak ez direla zureak. Ez direla jabetzako ezer eta bizitzak ematen digun opari handi bat dela. Bizitza ulertzeko modu bat da.
«Gure etxeko ateak zabalik ditugu datorrenerako»
Nola daramazue zuek, oraingo egoera?
Edu: Dolua deitzen diote eta hala da. Etxean ere izugarrizko hutsunea nabari da. Askok galdetzen digute, hain gustura zeuden zuekin eta nolatan ez dira zuekin gelditu? Argi dugu hori ez dela gure helburua edo egitekoa. Larrialdietako harrera familia izanda, haur gehiagori laguntzen diegu.
Ainara: Harrera batetik bestera atsedenaldi bat eska daitekeen arren, guk ez dugu eskatu. Prest eta gogotsu gaude beste harrera bat egiteko. Gure etxeko ateak zabalik ditugu datorrenerako.