Erreka proiektuko hamabost aerosorgailuren kokalekua jakitera eman du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak. Iturri ofizialetatik eskuratu dute informazioa. Izan ere, Repsol enpresak, Erreka proiektuarekin aurrera segitzeko, prospekzio arkeologikoak egiteko eskaera egina dio Nafarroako Gobernuari. Urtarrilaren 31n jaso zuen Aranoko Udalak prospekzio arkeologikoaren txostena eta bertan jasotako informazioa azaleratu du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak. Txostenean ageri diren koordenadak baliatuta, hamabost aerosorgailuren kokapen zehatza erakusten duen mapa osatu dute.
Gainera, haien kokalekuak hobeki identifikatzeko, izendapen zehatza eman diete aerosorgailu bakoitzari: Etxolaberri (Gibraltar), Pagalegi, Euntzingo lepo gaina, Larregi, Garagartza I, Garagartza II, Antxistako Harria, Esteiza, Esteizako Puntako lepoa, Etzala-azpi, Abadekurutz-azpi, Leuneta, Errekaleku, Ontzorroko gaina (Errekalekuko bide azpian), eta Burninburu.
Martxoaren 15ean ekitaldiak
Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kideek informazioa zabaldu soilik ez, aktiboki erakutsi nahi dute makroproiektu eolikoen kontrako jarrera. Hala, Aranoko Udalak martxoaren 15ean eolikoen gaia lantzen duen Vidas irrenovables. Naturaleza o miseria dokumentala Aranora eramanen duela baliatu eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Dokumentalaren emanaldia 11:00etan hasiko da eta bukaeran solasaldia izanen da Francisco Jose Vaquero zuzendariarekin.
Dokumentalean, makroproiektu eolikoen ondorioak ageri dira. Erregai fosiletan oinarritutako energia iturriak energia iturri berriztagarriekin ordezkatuta, Espainiako landa munduko ekosistemak, ekonomiak eta gizarteak hondatzen ari direla kontatzen du. Eta egungo egoerarekin kezkatuta, estatu mailan borrokan ari diren kolektiboen eta herritarren esperientziak ageri dira.
12:30 aldera mendi buelta eginen dute aerosorgailuen kokalekuetara. 14:30ean Burningo bordan pintxoak eta salda banatuko dituzte eta Tapia, Jon Mari, Izer eta Alabier trikitilariek joko dute. 16:30ean herrira itzuliko dira kalejiran eta 18:00etan Aitor Mendiluze eta Julio Soto ariko dira balkoitik balkoira bertsotan, Herriko Etxeko plazan.