Leitzako plazatik aterako dira mendizaleak larunbatean 08:00etan. Bost ordu inguruko itzulia izanen da eta 14:30ean Ihabenetik aterako da itzulerako autobusa. Hamaiketakoa eta aldatzeko arropa norberak eraman beharko du.
Arainburu Mendi Taldeak egindako proposamenarekin bat egin du Leitzako Aurrera Mendibil mendi taldeak eta euren kabuz autobusa antolatu dute. Hala, 90 lagunek eman dute izena bigarren etapan parte hartzeko. Arainburun 66 pertsonek eman dute izena eta Aurrera Mendibil mendi taldean 24k. Hala, goizuetarrekin batera, Hernani, Ereñotzu, Azkaine, Lesaka, Amaiur, Iruñea eta Leitzatik etorritako mendizaleak ari dira Trabuko Bidea osatzen. Antolatzaileak gustura daude jasotako erantzunarekin: «oso aberasgarria izaten ari da hainbeste euskaldun eta euskalki elkartzea, Trabuko eta Berdabioren istorioan murgilduz, elkarrekin sortzen ari den marea luze honetan parte hartzen ari direla ikustea».