Otsailean jokatu dituzte kanporaketa saioak Aranon, Areson eta Errazkinen. Harrera beroa izan du sariketak: afalondoko giro goxoan, mingainak dantzan jarri dituzte bertsolariek eta gozatu ederra hartu dute bertsozaleek. Hamabi bertsolarik parte hartu dute sariketan eta saioetako puntuazioak eta agenda kontuak lotu ondoren, osatu dute finaleko seikotea: Andoni Rekondo, Eli Pagola, Jon Maia, Maider Arregi, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal ariko dira kantuan. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Maddi Saralegi eta Maddi Zugarramurdi ariko dira.
Urtero bezala finala Leitzako Torrea tabernan izanen da eta antolatzaileek jakinarazi dute sarrera guztiak agortuta daudela.