Lasterketan izena eman nahi dutenek Internet bidez egin dezakete. Lasterketa laburra egin nahi dutenek, 20 euro ordaindu beharko dituzte eta luzea egin nahi dutenek 25 euro. Goizuetan erroldatuta daudenek bost euro gutxiago ordaindu beharko dituzte (15 euro laburra eginen dutenek eta 20 euro luzea eginen dutenek).
Parte hartzaile guztiek kamiseta bat izanen dute opari eta lasterketan parte hartu ez baina eskuratu nahi dutenentzat ere salgai jarri dituzte. Amaia kafetegian egin beharko dute eskaera zein taila nahi den adieraziz, martxoaren 16a baino lehen.
Hamargarren edizioa
Hamargarren edizioan, 10 kilometroko lasterketan binaka parte hartzeko aukera ere eskainiko dute. Hori bai, derrigorrezkoa izanen da bikoteko parte hartzaileetako bat emakumezkoa izatea eta lasterketa elkarrekin hasi eta bukatzea.
Goizutrail lasterketa, Goizuetako plazatik hasiko da eta parte-hartzaile guztiak bidezidor estu batetik igoko dira Aitasemegi auzora. Lau kilometro osatuko dituzte pista eta bidezidorretan barna eta Eneko Elorri (680 m) gailurrera iritsiko dira. Hemendik herrira jaitsiko dira, Espideko Soroa zeharkatuz. Ibilbide laburra eginen duten lasterkariek hemen amaituko dituzte egin beharreko lanak. Ibilbide luzeko lasterkariek aurrera segiko dute. Amonamotza (947m), Loitzate (1048m) eta Arainburu (1054m) gailurretara igoko dira. Ondoren, Bentzuntzaraino (912m) segi eta Elamara jaitsiko dira. Igoera txiki bat egin eta Arriurdiñetara (560m) iritsiko dira, ibaia zeharkatuko dute (Ikatzola350m), Espideko soroaraino igoko dira (500 m), eta, ondoren, helmugara iritsiko dira. Desnibela 1485 metrokoa izanen da eta ibilbide osoa bidezidor, zelai, harizti eta pagadien artean eginen dute.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!