Dabid ANAUT

«Herriaren bizitasunari eta zerbitzuei erantzutea erronka handia da»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 9a, 12:00

Dabid ANAUT PEÑA, Leitzako alkatea

«Leitza 3.023 biztanle dituen herria da, landa eremuko herri gisa har daiteke, baina baita herri industrial eta urbano gisa ere. Izan ere, bi alderdi horien ezaugarriak ditu». Dabid Anaut Peña Leitzako alkatearen hitzak dira. Bere herria aurkezteko eskatuta, horixe da erantzun duena.

Xehetasun gehiago ere eman ditu, besteak beste, «58 kilometro koadroko azaleran ehundik gora baserri» daudela, «baserriko jarduera hutsetik bizi direnak oso gutxi diren arren, Leitzan abeltzaintza eta nekazaritza bizirik» dagoela, «basogintza jarduera garrantzitsua» dela, eta horrekin batera, «industria jarduera sendoa» dela, «batez ere papergintzaren sektoreko LECTA enpresak bertan duen lantegiari esker. Hori da bertako industriaren zutabe nagusia, baina badira bestelako enpresa batzuk ere herriko bi industrialdeetan».

Zerbitzuen alorra ere «azpimarratu» du, baita bestelako zerbitzuak eta azpiegiturak ere: «kiroldegia, haur eskola, Herri Aretoa, gizarte zerbitzuak, euskara zerbitzua, kultura zerbitzua, udal irratia, hondakinen bilketa, mendiaren kudeaketa, musika eskola, Okille tailerra, uraren kudeaketa, kaleko garbiketa, eskola eta institutua, liburutegia, osasun etxea, turismoa, tokiko garapena, suhiltzaile boluntarioak, igerilekua, pilotalekua…».

«Leitza bizitasun handiko herria da»

Eta horretaz gain, «Leitza bizitasun handiko herria» dela gehitu nahi izan du: «Jarduera ekonomikoaz gainera, bizitasun soziala eta kulturala handia da, eta urte osoan makina bat ekimen, jarduera eta ekintza antolatzen eta egiten da. Eragile ugari dago, askotarikoak, baita auzolanerako eta elkarlanerako ohitura handia ere, eta horrek guztiak Leitza herri dinamiko eta bizi bihurtzen dute».

Erronkak

Hain zuzen, «herriaren bizitasunari eta herriak orain arte eman dituen zerbitzuei erantzutea» dute gaur-gaurkoz erronka nagusietako bat, «herritarren nahiei eta beharrei ahalik eta hobekien eusteko. Bi arrazoi izanen lirateke, besteak beste, belaunaldi gazteek ere herrian bizitzen gelditzea erabaki dezaten».

Horrekin lotuta, «etxebizitza» jarri du «herriaren beste erronka edo arazo nagusien» zerrendan, «bere bi adarretan: alokairua eta etxebizitza berriak». Alkatearen hitzetan, «bi adar horietan egin behar da lana, orekaz eta neurrian, etxebizitza baldintza duinetan eskuratzeko eskubidea bermatzeko eta populazioari eusteko». 

Eta «herriko denda, ostatu, zerbitzu eta establezimenduen egoerak ere kezka handia» eragiten die. «Zoritxarrez, gainbeheran doan sektorea da. Nahi baino gehiago dira ixten ari direnak, eta erreleboak ere kezka sorrarazten du. Herri biziak horiek ezinbesteko ditu eta joera negatibo hori gelditzeko bidea asmatu beharko genuke».

«Dena irauliko duen neurri izar bat nekez irudikatu dezakegun arren, egoera hobetuko duten neurri ttiki eta ertain ugari sustatu eta bultzatu beharko dira»

Zaintza ere bada Leitzan «lehentasunezko arloa» eta agintaldi honetan, horren inguruko «lanketa berezia» hasi dute: «Dena irauliko duen neurri izar bat nekez irudikatu dezakegun arren, egoera hobetuko duten neurri ttiki eta ertain ugari sustatu eta bultzatu beharko dira».

Eta «beste erronka asko» ere badituzte mahai gainean: «berdintasunean pausoak ematen jarraitzea, garraio publikoa hobetzea, azpiegiturak berritzea, irisgarritasunerako aukerak zabaltzen jarraitzea, euskararen arnasgune izaera indartzea…». Eta horiez gain, «larrialdi klimatikorako egokitzea» aipatu du: «Bide orri bat diseinatu beharko da, nolabait esateko, Leitza ere datorkigun etorkizunera egokitzeko: uraren kudeaketa, energia kontsumoa, mendiaren kudeaketa, hondakinen kudeaketa, eguneroko kontsumo ohiturak, hirigintza, azpiegiturak… Ertz asko dituen gaia da, zehar-lerroa, eta ikuspegi zabaleko eta arnas luzeko gogoeta egin beharko dugu, guk ere emisioak murrizteko eta, aldi berean, herria egoera berrietarako egokitzeko».

Baliabide gehiago

Leitzako Udalaren aurrekontua «3.500.000 euro ingurukoa izan da azkeneko urteotan», eta langileei dagokienez, «hainbat» ditu: «idazkaritzako langileak (idazkaria, kontu-hartzailea eta administrariak), udal mendizaina, kultura teknikaria, Okille tailerreko hezitzailea, zaintzako dedikazioa duen hautetsia, haur eskolako hezitzaileak, eta kaleko lanetan aritzen diren langileak. Beste zerbitzu batzuk mankomunitateen edo bestelako enpresa publiko edo garapen agentzien bitartez ematen ditu».

«Ziur asko inoiz ezingo dugu esan nahikoa baliabide daukagula»

Nahiko baliabide ote dituzten galdetuta, berriz, «ziur asko inoiz ezingo dugu esan nahikoa baliabide daukagula», erantzun du. «Sumatu ditugun behar guztiei eta egin nahiko genituzkeen gauza guztiei erantzun ahal izateko askoz ere baliabide handiagoak beharko genituzke. Baliabide ekonomikoak, eta teknikoak. Askotan elkarri lotuta doaz, jakina. Baliabide horiek guztiak eskuratzea ez dagoenez gure esku, dauzkagun horiekin ahalik eta kudeaketa egokiena egiten saiatzea besterik ez dago, eta horretan ari gara. Eta beti, jakina, baliabide gehiago eskuratzeko saiakerari eutsiz».

Alde onak eta txarrak

Herri ttikietan bizitzearen alde onez eta txarrez ere aritu da. Txarrak zerbitzuen eskaintzarekin lotu ditu: «herri ttikiek handiek baino zerbitzu gutxiago izan ohi dituztelako, publikoak nahiz pribatuak. Baita autoarekiko mendekotasun handia ere, garraio publikoaren eskasiak hainbatetan autoa hartzera behartzen baikaitu». Baina alde onen zerrenda ere prest du: «naturarekiko harreman estuagoa eta aberatsagoa, elkarren ezagutza eta hurbiltasuna, elkartasunerako eta auzolanerako aukera handiagoak, harreman sare sendoak…». Eta udalaren ikuspegitik, «kudeaketa zuzenagoa eta hurbilagoa» egiteko aukera aipatu du. Eta bizitzako beste faktore batzuk «beste era batean nozitzen» direla gaineratu du: «soinua, kutsadura, espaziorik eza…».

Euskara

Euskararen gaiari ere egin dio keinua Anautek, ofizioz euskara teknikaria izanda, hurbilekoa baitu. «Leitza euskararen arnasgunea» dela eta «euskararen erabilera oso altua» dela gogoratu du. Pozik kontatu du «Leitzako hizkuntza nagusia eta ohikoena euskara» dela eta «herriko bizitza sozialeko hainbat espazio irabaziak» dituela. Baina badira hutsuneak: «Erdarak ere badituelako sarbide garrantzitsuak eta neurri handi batean bereganatuak dituen espazio batzuk». Argi mintzatu da: «Euskal Herriko gainerako arnasguneetan bezala Leitzan ere azken urteotan datu kezkagarri batzuk jaso ditugu, mugikortasunak, populazioaren joan-etorriak, globalizazioak eta sare sozialek nahiz bestelako faktore batzuek eragindakoak».

«Leitzako hizkuntza nagusia eta ohikoena euskara, baina erdarak ere baditu sarbide garrantzitsuak»

Arazoak arazo, harro mintzo da «herri oso euskalduna» delako; «orain arte euskarari ongi eutsi diona, eta inertzia guztien kontra euskararentzat espazio berriak irabazten jakin duena eta bertako hizkuntzari eusten jarraitzeko nahia eta kemenari eusten diona».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun