Nastatek emandako azken datuen arabera, 110 biztanle ditu erroldatuak Aranok, eta TTIPI-TTAPAren eremuko udalerririk ttikiena da.
Beste herri ttiki askoren gisa, biztanleriaren beherakada handia izan du Aranok azken hamarkadatan. Datu bat emate aldera: 1960ko hamarkadatik % 69,44 puntu egin du behera erroldatutako herritarren kopuruak, eta mende hasieratik, % 27,15 jaitsi da. Egoera ikusita «Aranok duen erronka nagusia bere biziraupena bermatzea» dela dio alkateak. Horrekin batera, adin taldeen arabera banatu ditu erronkak: «gaztediari bizi baldintza egokiak» eskaintzea dute begiz joa, «etxebizitza eta lantokia, esaterako, baita azpiegiturak eta zerbitzuak» ere. Eta helduei, berriz, «azpiegiturak eta zerbitzuak».
«Aranoko Udala ez dago energia berriztagarrien kontra, baina horrelako makroproiektu inbaditzaileen kontra bai»
Dena den, azken boladan beste «mehatxu» batek erakarri du aranoarren arreta, eta Ruizek aitortu duenez, hori da «kezka handiena» sortzen diena: «makroproiektu eoliko baten mehatxua». Repsol enpresa multinazionalak Urumea bailaran eraiki nahi duen 100 megawatteko proiektuaz ari da alkatea: «Arano inguratuko luketen 200 metroko hamabost aerosorgailu jarri nahi dituzte Hernani eta Goizuetako mugetan». Haize errota horiek kokapena ikusita «Arano bete-betean» harrapatuko lukeela ohartarazi du, eta garbi utzi nahi izan du udalaren jarrera: «Aranoko Udala ez dago energia berriztagarrien kontra, baina horrelako makroproiektu inbaditzaileen kontra bai». Eta gogor gaitzetsi du «herria ezagutu gabe Google Mapsetik landutako proiektua eraiki nahi izatea, herriaren osasunari eraginen diona eta ditugun ondare naturalak eta megalitikoak erabat suntsituko dituena». Gehiago ere bai: «Aranoren biziraupena zalantzan ikusten dut Urumea bailaran horrelako astakeria bat aurrera eramanez gero».
Gaiak ezinegona sortu du eta «herria antolatzen» ari dela esplikatu du Ruizek: «Bidea luzea izanen da, baina indarrak bilduta ziur naiz lortuko dugula proiektu eoliko honi aurre egitea».
Irakurri industrialdea
Udalaren martxari dagokionean, Aranoko Udalak bi langile ditu: «administraria eta zerbitzu anitzetako langilea, eta idazkaria Goizuetako Udalarekin partekatzen dugu». Langabezia eta lan aukerak ere hizpide hartu ditu Ruizek, eta, besteak beste, langabezia tasa «ttikia» dela dioen arren, «herritarrek herritik kanpo joan behar dute lan bila, eta horrek kostu ekonomikoa sortzen du: kotxea, gasolina…», gaineratu du. Horretan bere arrastoa utzi zuen Heineken zerbeza enpresa itxi izanak.
Dena den, itxaropen izpi bat piztu die Aranoko Irakurri industrialdea erosi duen enpresa nafarrak: «Egurraren industriako enpresa honek egoitza soziala Aranon du eta industrialdea sustatzeko asmoa du. Horrek Aranon eta inguruko herrietan lanpostuak sortzen ahal ditu».
Frontoi estalia
Gainerakoan, «baliabide ekonomiko falta» aipatu du. Aranoko Udalak 153.000 euroko aurrekontua du eta «dirulaguntzarik gabe zaila da herrian hobetze lanak egitea». Badituzte proiektu zehatzak buruan. Horietako bat aspaldiko eskaera: «Frontoia estali nahi dugu, baina aspalditik gaude ailegatzen ez den dirulaguntzaren zain. Beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako azpiegitura bat herrian izatea, kirola egiteko, herritarrak elkartzeko edota festak ospatzeko».
«Frontoia estali nahi dugu, baina aspalditik gaude ailegatzen ez den dirulaguntzaren zain»
Horrez gain, «zerbitzu falta» kritikatu du: «Ez daukagu garraio publikorik eta osasun arloan hobekuntzak beharko genituzke. Medikua astean behin etortzen da Aranora eta espezialistak behar izanez gero, Donostiara bideratzen gaituzte. Pediatra behar izanez gero, Leitzara joan behar dugu». Alegia, 30 kilometro baino gehiago eta 45-50 minutuko bidea egin behar dute pediatrak haurrak artatu ahal izateko. «Garraio publikorik ez dagoenez, oso deserosoa da, oso urruti geratzen baitzaigu Leitza».
Herri ttikien eta handien arteko aldeak ere agerian utzi ditu Aranoko alkateak: «Herri handietan zerbitzu eta aukera gehiago dituzte, ikastetxeak, osasun zentroak, garraio publikoa, dendak, eskaintza kultural handiagoa…». Gaineratu duenez, «zerbitzu gutxiago izanda, uste baino garestiago egiten zaigu herri handietan arruntak direnak. Adibidez, etxe bakoitzeko bi kotxe behar-beharrezkoak dira eta horrek gastu ekonomikoa sortzen du».
«Mundua nola doan ikusirik, herri ttikietako bizimoduak eta antolakuntzak erreferente bilakatu beharko luke»
Hutsuneak hutsune, «herri ttikietan bizitzeko beste era bat» dutela nabarmendu du, «eta ongi antolatuz gero, askoz lasaiago bizi gara». Ez hori bakarrik. Herri ttikietan bizitzeak «naturarekin harreman gehiago» eskaintzen duela iruditzen zaio; «baliabide gutxiagorekin bizitzen ikasten da eta mundua nola doan ikusirik, herri ttikietako bizimoduak eta antolakuntzak erreferente bilakatu beharko luke».
Euskara
Euskararen egoeraz ere aritu da, eta berriki udalak UEMAn sartzeko egin duen apustua gogoratu du. Arano «betidanik euskararen arnasgune» izan dela ere nabarmendu du, baina egoera ikusita, hausnarketa bat egin du: «Gehiengoak euskara jakinda ere, erabilera ez da garai batean bezalakoa, eta euskarari bultzada eman beharrean gaude». Hala, «euskararen erabilera finkatzeko ekintza plan» baten beharra aldarrikatu du eta gisa berean, euskarazko hedabideen lana txalotu du: «Eskertzekoa da TTIPI-TTAPA eta Kronika hedabideek egiten duzuen lana. Euskarazko hedabideekin egunerokoa euskaraz eskura izatea oso lagungarria da».