'Postdatarik gabeko gutunak' antzezlana ikusteko aukera izanen dute igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 6a, 13:00

Nerea Ariznabarreta eta Kepa Errasti aktoreak igoko dira oholtzara.

Xake konpainiaren azken lana da Postdatarik gabeko gutunak antzezlana. Nerea Ariznabarreta eta Kepa Errasti aktoreak igoko dira oholtzara eta Getari Etxegarairen zuzendaritzapean, bakardadeari buruzko bakarrizketa bat eskainiko dute. Leitzako Herri Aretoan izanen da emanaldia, 19:00etan.

Antzezlanean, Mikel izanen da protagonista, eta bost urtez preso egon ondoren, ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko. Ordubete hori inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio. Izan ere, azken hilabeteetan, bere burua identifikatu ez duen norbaitek bidalitako gutun misteriotsu batzuk jaso ditu. Eskutitz horiek guztiek ezaugarri bera dute; postdataren lekua hutsik uzten du igorleak. Charlot modura jantzitako pianista mutu baten laguntzarekin, bere bizitzaren errepaso bat egin eta jasotako gutunak gogoratuko ditu, igorle misteriotsua nor den jakin arte.

Sarrerak kulturaleitza.eus-en eskuratu daitezke zazpi eurotan edo egunean bertan, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekiko duten leihatilan, zortzi eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun