Arkiskil futbol zelaian belar artifiziala jartzeko eta argiteria berritzeko lanak lehiaketara atera ditu Leitzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 28a, 10:00

Arkiskil futbol zelaiaren egoera islatzen duen argazki honekin NafarPresen argazki onenaren saria eskuratu zuen Pablo Feok. Argazkia: Pablo Feo

648.773,22 euroko (gehi BEZa) hasierako aurrekontua izanen dute eta hurrengo denboraldirako prest izatea espero dute

Leitzako Udalak lehiaketara atera ditu Arkiskil futbol zelaia eraberritzeko lanak, belar naturalaren ordez belar artifiziala jartzeko eta argiztapen instalazioak berritzeko. Lizitazioaren aurrekontua 646.773,22 eurokoa da, gehi BEZa. Martxoaren 12ra arte aurkeztu daitezke eskaintzak. Exekuzio epea, berriz, hiru hilabetekoa da.

Egungo zelaia 1990eko hamarkadaren amaieran eraiki zen eta 1999ko urrian inauguratu zen Aurrera KE eta SDA Alsasuaren arteko Erregionaleko lehen mailako ligako partida batean. Leitzako Udalaren jabetzakoa da, eta Aurrera Kirol Elkarteari utzia dio, mantentze-lanen truke. Belar naturalekoa izaki eta Leitzako eguraldia kontuan hartuz, negu partean urez eta lohiez estalia egoten da eta zaila izaten da futbolean jokatzea.

Egoera hori aurten zuzenduko da belar naturalaren ordez artifiziala jartzeko lanekin, Nafarroako Parlamentuak 2025eko aurrekontu orokorretan onartutako 400.000 euroko laguntzari esker, EH Bilduk proposatutako zuzenketa baten ondotik. Laguntza hau «Leitzako Udalak, Aurrera KE klubak, jokalariek eta familiek hainbat urtetan egindako ahalegin handiari emandako erantzuna izan da», nabarmendu du Dabid Anaut alkateak. Era berean, diru-laguntzak estaltzen ez duen finantzazioaren zatia Udalak bere gain hartuko duela adierazi du, mailegu bat eskatuz.

Zelaiaren azalera 100x60 metrokoa da eta aldagela, taberna eta biltegirako erabiltzen den eraikin erantsia dauka. Belar artifizialeko soropila jartzeaz gain, kanpoko aldean hormigoizko zoladura egitea eta ureztatze sarea jartzea aurreikusten da. Ekipamenduari dagokionez, futbol 11ko bi porteria finko eta futbol 7ko edo futbol 8ko bi porteria pare jarriko dira. Era berean, estalitako bi aulki jarriko dira, bakoitza 10 jokalarirentzat. Ekipamendua osatzeko, baloietarako sare bat eta jokalekuaren perimetro-hesi bat jarriko dira. Argiztapenari dagokionez, eraginkortasun handikoa izango da, eta argi-maila erregulatzeko luminariak izango ditu, entrenamendu-egunetan aurrezteko. 10 metroko altuerako 8 dorre izango ditu.

Aurrera Kirol Elkartean pozik agertu dira berri onarekin eta Udalak aurrera eraman duen lana eta gurasoen babesa balioan jarri dituzte. Arkiskil futbol zelaia erabiltzen duten 116 jokalari ditu Aurrerak, sei taldetan banatuta (gizonezko helduak Nafarroako erregionaleko lehen mailan, mutil jubenilak, neska jubenil-kadeteak, mutil kadeteak, neska kadete-infantilak eta mutiko infantilak). Hauetaz gain, areto futbolean ari diren lau talde ere baditu (bi alebinak eta bi benjaminak) eta txikiagoen hiru talde, futbolean ikasten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun