Arian-arian xehatzen da burdina eta, hala, elkarlanean lortu dute arazoari irtenbidea ematea. Orain arteko jangela eredua alde batera utzi eta jangela komunitarioa martxan jartzeko bidean dira Leitzan. Hainbat hilabetetan aritu dira proiektua lantzen eta herritarren babes zabala jasota, ilusioz ari dira lanean: «hurrengo ikasturtean, herritik sortu, bertan kudeatu eta zaintza erdigunean jarriko duen jangela izateko».
Zein izan da jangela proiektu komunitarioaren abiapuntua? Azaldu testuingurua.
Eskualde mailako eskola da Leitzako Erleta eskola eta horregatik jangela zerbitzuaren ardura Nafarroako Gobernuari dagokio. Pasa den urtera arte indarrean egon zen 246/1991 Foru Dekretuak ez zuen aukerarik ematen tokiko erakundeek jangela kudea zezaten. Lizitazio prozesu baten bidez esleitzen zuen Nafarroako Gobernuak jangelaren kudeaketa eta enpresa handiak atera izan dira beti garaile. Gorabehera ugari eragin ditu horrek, prezioen igoera eta zerbitzuaren gainbehera.
Azken urteetan egoerak nabarmen egin du okerrera?
Hiru krisialdi nagusi izan direla esan dezakegu. 2021-2022 ikasturtean Amazabal Institutuko jangela zerbitzua kendu zuten, 2023-2024 ikasturtean enpresak prezioak igo eta kalitatea nabarmen jaitsi zuen eta 2024-2025 ikasturtean prezioak ikasleko eta eguneko 13,10 eurora arte igo zituzten. Azken honekin, gainezka egin zuen egoerak. Gurasoen kexak ugaritu ziren, hainbat idatzi argitaratu ziren prentsan... Azkenean, Hezkuntza Departamentuak ez-ohiko neurri batekin, aldea bere gain hartu eta zazpi euro eta erdira mugatu zuen prezioa eguneroko erabiltzaileentzat. Hala ere, nabarmendu behar da egunero gelditzen ez direnentzat bestelakoak direla prezioak. Egun bakarrean gelditzen direnek, adibidez, hamabost euro eta erdi ordaindu behar dituzte. Honek guztiak zer pentsa eman eta egoera aldatzeko irtenbide bila hasi ginen.
2024an onartu zuten 58/2024 Foru Dekretuak zirrikitu bat ireki du horretarako.
Bai, hala da. Iaz onartutako 58/2024 Foru Dekretuaren bederatzigarren artikuluak bide legala ireki eta beste kudeaketa ereduak ahalbidetzen ditu. Tokiko erakundeek Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat egin dezakete eta zerbitzuaren arduraduna Nafarroako Gobernua izanen den arren, kudeaketaz tokian tokiko erakundeak ardura daitezke. Argi ikusi genuen erabakiak hartzeko agente hori kanpoan izan beharrean gurera ekartzeko aukera izaten bagenuen beste erabaki batzuk hartzeko modua izanen genuela. Hori baliatuta, herriko hainbat eragile bildu ginen eta jangela proiektu parte hartzaile bat martxan jartzea erabaki genuen.
«Erabakiak jangela mahaiko kideek hartuko dituzte»
Nortzuk osatu duzue lantaldea?
Erleta eskolako eta Itzaire Haur Eskolako zuzendaritzak, Zaindu Leitzaldeak, jangelako familia erabiltzaileek eta ez erabiltzaileek, Leitzako Udalak, Denok Bat Guraso Elkarteak eta jangelako langileek parte hartu dugu prozesuan. Herri mailako apustua dela uste dugu eta horregatik garrantzitsua iruditzen zitzaigun proiektuak herritarren babesa ote zuen galdetzea.
Urtarrilaren 31n proiektua aurkeztu eta bozketa egin zenuten. Zein izan da jasotako erantzuna?
Proiektuak martxan jartzeko behar zuen babesa eskuratu zuen. Gutxienez, 50 pertsonak parte hartu behar zuten bozketan eta botoa ematen zutenen bi herenak aldeko botoa eman beharko zuten. Erraz gainditu ziren gutxieneko horiek. 133 lagunek eman zuten botoa: 130ek proiektuaren alde egin zuten, bik kontra eta boto txuri bat izan zen.
Zein izanen da hurrengo pausoa?
Jangela komunitarioaren proiektuarekin aurrera egitea erabaki denez, Leitzako Udalak Nafarroako Gobernuari hitzarmena sinatzeko eskaera luzatuko dio. Hitzarmena sinatu ondoren, Leitzako Udalak Irabazi Asmorik Gabeko Elkarte batekin, kasu honetan, Zaindu Leitzaldearekin sinatuko du hitzarmena. Proiektuari forma emateko tresna juridikoa izanen da hau. Orduan, jangela eredu komunitarioa jarriko litzateke martxan eta hainbat eragilek osatuko luketen Jangela Mahaiak hartu lituzke erabakiak eta zehaztuko luke zerbitzuak hartuko lukeen norabidea. Herritarrek izanen lukete azken hitza. Nafarroako Gobernuak legez zehazten dituen baldintzak bete beharko ditugu, baina hortik aurrera hobetu dezakegun guztia saiatuko gara hobetzen.
Zeintzuk izanen dira baldintza horiek?
Nafarroako Gobernuaren eta Leitzako Udalaren arteko hitzarmena lauzpabost urterako izanen da. Zirriborroa osatzen ari dira oraindik, baina orain arteko dirulaguntzak eta baliabideak mantentzeko konpromisoa hartu dute eta jangelako langileak ere mantenduko dira. Eskola guztietan bete beharrekoak diren gutxienekoak hemen ere bete beharko ditugu, baina hortik aurrera hobetzeko tartea badagoela uste dugu. Argi eta garbi ikusi dugu, irabazi asmorik ez egotearekin, gaur egungo kostuetan erraz sartuko ginatekeela. Oinarritik hasi eta zabaltzeko aukera emanen luke: ikusi beharko da, bertako produktuei, ekonomia zirkularrari... garrantzia gehiago eman nahi zaion. Enborra sendoa bada, nahi beste adar atera daitezke.
«Burujabetzarako pausoa da eskumen aldaketa»
Zenbat erabiltzaile aurreikusten dituzue?
Gaur egun eskolako 50 bat erabiltzaile ditugu. Ezinbestean zerbitzuaren beharra dutenak dira eta, gutxienez, horiek mantentzea aurreikusten dugu. Gainera, eskolako erabiltzaileez gain, Okille tailerrekoek eta Itzaire Haur Eskolakoek ere zerbitzua baliatzen dute. Denera, 80 bat otordu ematen dira. Jangela komunitarioa martxan jarrita, janariaren kalitatea, zerbitzuaren prezioa... hobea izanen dela jakinik, ez da erokeria erabiltzaile kopuruak ere gorantz eginen duela pentsatzea.
Jangelak bete behar duen funtzioari buruz ere aritu zarete.
Jangela proiektuarekin batera hezkuntza proiektua ere landu dugu. Jangela heziketa gune bat bezala ikasten dugu, ez soilik bazkaltzeko gune bezala. Jangela benetan hezigarri bat egiteko aukera baliatu nahi dugu: espazio hezigarri bat izan daiteke umeak kalitatez artatu eta elikatzeko. Bide onetik goaz, baina inurri lan handia egin behar dugu oraindik.
Zeintzuk dira jangela komunitarioa izatearen onurak?
Erabakiak arrotzak zaizkigun agenteen menpe egon beharrean, jangela mahaikoen esku egonen dira. Azken urteetan izandako ezusteko eta gorabeherak saihesteko modua izanen da. Gainera, eskumen aldaketa hau burujabetzarako pauso garrantzitsua da. Enpresa handien oligopoliotik aske geratuko ginateke, jangela gune hezigarria izanen litzateke, erabakiak herrian bertan hartuko genituzke eta herriko ekonomian eraginen genuke. Non eta nola kontsumitu, zer eskaini... gure esku egonen da erabakitzea.
Bestalde, azpimarratu behar da proiektu bizia izanen dela eta beharren arabera moldagarria. Zerbaitek ez balu ongi funtzionatuko, aldatzeko aukera izanen genuke: unean uneko beharretara egokitu eta zerbitzua hobetzekoa.
Proiektu honen ikuspegia haratago ere joan daiteke, gure eskualdean, Erletaz gain, Lekunberriko Ibarberri, Goizuetako Xalto eta Araitz-Beteluko Araxes ikastetxeak ere, eskualdeko eskola dira. Eta Areson, Nazabal eskola txikia dugu. Gai honen inguruan hitz egiteko bildu izan gara eta, jangela komunitarioaren ideia eta interesa eskualde mailan ere bizirik dago. Erletako jangela komunitarioa izateak, eskualde mailan saretze prozesu bat martxan jartzeko aukera irekiko liguke, elkarlana eta babesa sustatuz sinergiak sor daitezke.