Zinemaz gozatzeko aukera izanen dute asteburuan Leitzako Herri Aretoan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 27a, 15:00

Juan Carlos Perez Itoiz musika taldeko liderrak taldeak 70.hamarkada hasieran Rock progresiboan murgilduta igarotako urteak bergogoratuko ditu.

Martxoaren 1ean eta 2an, Itoiz. Udako sesioak dokumentala ikusteko aukera izanen da 17:00etan eta La mitad de Ana filma 19:30ean.

Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendutako dokumentala da Itoiz. Udako sesioak. Bertan Juan Carlos Pérez gogoeta sakon batean murgilduko da argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Alde batera utzi nahi izan ditu taldeak momenturik gorenean pop estilora eman zuen aldaketa, eta ostean desegin izana. Itoiz musika taldearen lider izandakoak bidaia katartiko bat hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona; taldeak 70.hamarkada hasieran Rock progresiboan murgilduta igarotako urteak bergogoratuko ditu bertan.

La mitad de Ana filmak berriz, haurtzaroko transexualitate kasu bat darama pantailara. Aldaketa prozesuan ama eta semearen arteko harremana erakusten du filmak. Anak museo bateko areto-zaindari lana eta Son zortzi urteko alabaren zaintza uztartzen ditu. Aspalditik bananduta, bere errutina hautsi egiten da ikasturtearen hasierarekin batera, Son nortasuna esploratzen hasten denean. Noraezean, Ana gauzak beste modu batera ikusten hasiko da, eta pixkanaka ama izan aurretik izan zen emakumearekin elkartu beharko du berriro. Alabari lagundu ahal izateko, Anak Ana izan beharko du berriro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun