Aurrera Dantza taldeak kantu bazkaria antolatu du martxoaren 15ean

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 25a, 20:00

Martxoaren 10era arte egonen dira salgai bazkarirako txartelak.

Urtero bezala, mahaiaren bueltan bildu eta, kantu eta dantza, festarako proposamena egin du Aurrera Dantza taldeak. Martxoaren 15ean eginen dute kantu bazkaria eta musikariekin, dantzariekin eta bertsolariekin batera gonbidatu bereziak ere izanen dira. Sarrerak erosteko azken eguna martxoaren 10a, astelehena, izanen da.

Leitzako plazan 13:00etan elkartu eta kantu poteoan ibiliko dira bazkalordura arte. Bazkaria 14:00etan hasiko da Erleta Eskolako jangelan eta giroa alaitzeko, Angel Mariezkurrena, Aitor Ibarra, Frantzisko Santxotena, Beñat Mitxelena eta bertsolariak gonbidatu dituzte. Horietaz gain, gonbidatu bereziak eta dantzariak ere ariko dira.

Ekitaldirako sarrerak Maimurren jarri dituzte salgai, 45 eurotan eta herritik kanpo bizi direnek 671 26 50 43ra deituta ere egin dezakete erreserba. Bazkaritarako, patea eta urdaiazpikoa, penka beteak, risottoa, bakailaoa bizkaitar erara, oilaskoa saltsan, gazta moussea edo sorbetea izanen dituzte, edaria, kafea eta kopa barne. 

Tartean, bingoa eta taberna zerbitzua ere izanen direla aipatu dute antolatzaileek. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun