Goizuetako gimnasioari buruzko galdetegia zabaldu dute herritarren artean

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 25a, 18:00

Asinko gimnasioaren ordutegia ere zabaldu dute, 06.00etatik 00:00etara egonen da zabalik.

Gimnasioko hainbat erabiltzailek sortu eta prestatu dute galdetegia, honen inguruan, herritar erabiltzaileek daukaten interesa jakiteko.

Gimnasioko erabiltzaileen eta udalaren arteko komunikazioa hobetu nahian, bilera bat egin zuten urtarrilaren 26an. Bertan adostu zuten, gimnasioko erabiltzaileak izanen direla zubilana egin eta zerbait falta edo hondatzen denean udalarekin harremanetan jarriko direnak. 

Gimnasioko erabiltzaile horiek izan dira ere, duela gutxi herritarren artean zabaldu den galdetegia osatu dutenak. Herritarren iritzia bildu nahi izan dute dirua zertan inbertitu erabaki aurretik. Whatsapp bidez zabaldu dute galdetegia eta nahi duenak gimnasioan bertan ere eskura dezake paperean.

Zerbitzuan ere hobekuntzak izanen dira. Ordutegia luzatuko dute eta aurrerantzean 06:00etatik 00:00etara egonen da irekita.

Bide batez, udalak eskertu nahi izan du herritarrek erakutsitako borondatea: «herritarrak aktibo daudela ikusi eta behar denean aurrerapausoak emateko prest daudela ikustea pozgarria da oso».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun