Atekaberts bertso eskolako Iñigo Gorostarzu Etxorde aritu zen gai-jartzaile lanetan eta bertsolariek umoretik jo zuten behin baino gehiagotan ariketak osatzeko orduan. Hala, etorkizun iragarle, basurde uxaldi eta hondartza nudisten bueltan ez zen barrerik falta izan. Ordu eta erdi pasatxoz aritu ziren bertsotan eta epaileen ustez, Julio Soto eta Maider Arregi izan ziren puntuaziorik altuena merezi zutenak. Hala ere, Atekaberts bertso eskolako kideek azken orduan jakitera eman dutenez, Julio Sotok ez du finalean abesteko modurik izanen eta Maider Arregi eta Unai Mendizabal izanen dira Maddalen Arzallus eta Andoni Rekondorekin batera, martxoaren 14an Leitzan jokatuko den finalean ariko direnak. Asteburu honetan, Errazkinen jokatuko dute azken kanporaketa.