Aerosorgailu bakoitza eta haien kokalekuak hobeki identifikatzeko izendapen zehatza eman die Urumeako Mendiak Bizirik plataformak: Etxolaberri (Gibraltar), Pagalegi, Euntzingo lepo gaina, Larregi, Garagartza I, Garagartza II, Antxistako Harria, Esteiza, Esteizako Puntako lepoa, Etzala-azpi, Abadekurutz-azpi, Leuneta, Errekaleku, Ontzorroko gaina (Errekalekuko bide azpian), eta Burninburu.
Euskal Herriko parke eoliko haundiena eraiki nahi du Repsolek, Erreka proiektuarekin. 15 aerosorgailu lirateke, 99 megabatioko potentziarekin. Gainera, San Migel Soron azpiestazio elektriko bat eraikiko lukete 49 x 37 metroko lursail batean eta bertatik energia atera eta Oiartzungo Arkaleko estazioraino eramateko ebakuazio-linea bat ere eraikiko lukete airetik, 21,063 kilometroko luzera eta 68 dorre izango lituzkeena. Horri lotuta, jakinarazi dute dorreen zimenduetarako behar den hormigoiaren guztizko bolumena 803,83 m³ dela.
Proiektuak kalte larriak eraginen lituzkeela nabarmendu du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak: «naturan eta ingurumenean eraginen lituzkeen kalteez gain, bertako ondarean ere eragin zuzena izanen luke. 39 monumento megalitiko aipatzen dira proiektuan eta horietatik 18 proiektuaren eremutik 200 metro baino gutxiagora daude».
Bi proiektu lehian
Erreka proiektua ez da Urumea bailarako mendietan eraiki nahi duten proiektu bakarra. Elkarren arteko lehian dira Repsol eta Endesa enpresak bertan parke eoliko bat eraikitzeko. Eremu berean eraiki nahi dituzte biak, Arano, Goizueta, Hernani, Berastegi eta Elduaingo lurretan; eta ez dira bateragarriak. Hala, Repsolek helegitea aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari, atzera bota dezan Endesaren proiektuaren alde emandako ebazpena.
Bost aerosorgailu eraikitzeko proposamena jasotzen du Endesaren Ikatz-Gane proiektuak, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, 33 megabatioko potentziarekin. Repsolen Erreka proiektuak, berriz, 15 aerosorgailu jarri nahi ditu, 99 megabatioko potentziarekin.Honen guztiaren berri emateko hitzaldia eskainiko du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak otsailaren 27an, Donostiako Okendo kultur etxean, 19:00etan.