Berria Erremonte Txapelketa 2025 aurkeztu zuten otsailaren 19an Andoainen. Larunbatean hasiko da txapelketa eta sei bikotek jokatuko dute. Tarteanm Aritz Zubiri goizuetarrak Irazurekin eginen du bikote eta Oier Apezetxea goizuetarrak Susperregirekin. Lehenengo fasean hiruko bi taldetan banatuko dira bikoteak eta multzo bakoitzeko bi lehenengoak sailkatuko dira finalaurrekoetara.
Ondorengo bikoteek osatzen dituzte multzoak; A taldea: Arluziaga-Martirena, Irazu-Zubiri eta Susperregi-Apezetxea; B taldea: Goikoetxea V.a-Goikoetxea VI.a, Aiestaran VII.a-Aiestaran VI.a eta Gurrutxaga-Eskudero.
Ligaxka datorren larunbatean, otsailaren 22an, hasiko da. Bigarren jardunaldia martxoaren 1ean jokatuko dute, hirugarrena 8an, eta laugarren eta azken jardunaldia martxoaren 15ean.
Talde bakoitzean denek denen aurka jokatuko dute. Set edo joko formatuan jokatuko dira partidak. Lehendabiziko biak 15 tantora jokatuko dira eta hirugarrena behar izanez gero 8 tantora jokatuko da. Bi joko irabazten dituen bikoteak lortuko du garaipena.
2-0 irabazten duenak lau puntu batuko ditu, 2-1 irabazten duenak hiru puntu lortuko ditu. 1-2 galduz gero puntua lortuko du bikoteak. 0-2 galduta ez da punturik lortuko eta partidaren amaieran 15 tantora iristen ez denak puntu negatiboa izango du
A taldeko irabazleak, B taldeko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du finalerdietako bat martxoaren 22an. Egun berean, B taldeko irabazleak A taldeko bigarrenaren aurka jokatuko du bigarrena.
Finala, finalaurrekoa irabazten duten bi bikoteen artean izango da martxoaren 29an, 15:15ean, eta ETB1ek eskainiko du zuzenean.
Joan den urtean Aimar Jabalera doneztebarrak eta Goikoetxea VI.ak jantzi zuten txapela eta urtero izar berriren bat agertzen da. Gazte eta etorkizuneko erremontistentzat aukera paregabea eskaintzen du Berria Txapelketak.