Aresoko Udalak esku artean dituen proiektuen berri eman du. Herrian taberna-denda irekitzea beraien agintaldiko lehentasunezko proiektua zela argi utzi dute hasieratik eta hori gauzatu ahal izateko pausoak ematen hasi dira. Obra bere osotasunean egiteko dirulaguntza handiak lortzea zaila izango dela ikusirik, pixkanaka beharrezko egokitzapenak egiten hasi dira. Hala, 2025.urtean udaletxeko eraikuntza osoko berogailu sistema jarri eta energia berriztagarrien aldeko apustua egingo dute. Gainera, udaletxeko aurreneko solairuan udal bulegoak jarri, erabilera anitzeko gela haunditu eta berritu eta komun eta dutxa egokituta jarriko dituzte. Eskolan beheko pisuko gelen lurra aldatzeko dauden aukerak ere aztertzen ari da udala eta paretak margotzeko asmoa dute. Herriko parkearen egoeraz hitz egiteko guraso elkarteko eta eskolako kideekin ere bildu dira eta batzuen eta besteen proposamenak entzuteko prest daude. Denean bezala, alderdi ekonomikoak mugatuko du egin daitekeena.