Joanes Illarregi, Maddalen Arzallus, Andoni Rekondo eta Iñigo Gorostarzu Etxorde aritu ziren kantuan Mingañe saltsan bertso sariketako lehenbiziko kanporaketan. Hasiera batean Irantzu Idoate zen parte hartzekoa, baina azken orduk Rekondok hartu behar izan zuen bere tokia. Maider Ansa aritu zen gai jartzaile lanetan; jendea bertso gosez eta bertsolariak bere onena emateko gogoz, saio orekatua izan zen. Ander Fuentes Itturri, Juan Mari Irastorza eta Mikel Beloki aritu ziren epaile lanetan eta Joanes Illarregi eta Maddalen Arzallus izan ziren, beraien ustetan, puntuaziorik altuena merezi zutenak. Martxoaren 14an Leitzako Torrea tabernan jokatuko den finalerako sailkatzea lortu zuten biek, baina Illarregik egun horretan kantatzerik ez duenez Rekondo eta Arzallus izanen dira lehenbiziko bi finalistak.