Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko dirulaguntza argitaratu du eta taxi gidari bakoitzak ibilgailua egokitzeko egindako inbertsioaren %80 eskuratzeko aukera izanen du, gehienez ere 12.000 eurora arte. Arantxa Iparragirre Baleztena izan da dirulaguntza hori eskuratu duen lehenbiziko taxi gidari nafarra.
10.494 euroko laguntza jaso du Iparragirrek eta horri esker, gurpildun aulkientzako arrapala berezia eta atzeko bi ateetan koska bana jarri ditu, bidaiariak errazago sar daitezen.
Arantxa Iparragirrek iaz erabaki zuen pausoa eman eta taxia egokitzea: «aukera bikaina iruditu zitzaidan. Dirulaguntzei esker, ordura arte eskualdean ez genuen zerbitzu bat eman eta jasotzeko aukera dugu. Gainera, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen garraiorako eskubidea bermatzen dela ziurtatzeko modua». Kontuan izan behar da Nafarroako iparraldean, bi direla ibilgailua egokituta duten taxi gidariak: bat Leitzan eta bestea Lesakan.