Irribarrea ahoan, «70 urteko amona» dela esanez aurkeztu du bere burua Maixux Zugarramurdi Zestauk (Goizueta, 1955). Goizuetako Danbolin bordan jaioa da, eta Artantxu baserrian bizitua 20 urte arte. Baina bizitza erdia baino gehiago darama Aranon, duela ia 50 urte Aranoko Beltsoko Bordara ezkondu zenetik. Hantxe osatu zuen habia eta hantxe sortu familia. Han bizi da gaur egun, berak dioen bezala, «lasai, etxe inguruan, artaldea zaintzen eta biloben bisiten zain». Baina badu gehiago kontatzeko. Kantatzea izan da eta da bere pasio haundienetako bat, ttiki-ttikitatik.
Etxetik datorkio afizioa, eta hartu bezala transmititu dizkie Arantxa, Ainhoa eta Maider Ansa Zugarramurdi alabei euskal kantak eta kontuak. Ama-alaben zaletasun horren fruituetako bat izan zen Artantxuriketan ikuskizuna; eta artoa zuritu bidenabar, kontu kontari eta kantari hainbat saio egin zituzten Euskal Herrian barrena. Berriki, berriz, oso bestelako esperientzia bat bizi izan du Artantxuko alabak: Zetak-en Hileta kantu nafarra abesti arrakastatsuko protagonista izan da; Youtuben lerro hauek idazterakoan 300.000 ikustaldi baino gehiago dituen abestiari ahotsa jarri dio. Ez hori bakarrik. Alabekin batera, Nafarroa Arenan 30.000 lagun bildu zituen Mitoaroa ikuskizunean parte hartu zuen. Horretaz eta beste hainbat kontuz aritu da Ttipi-Ttaparekin.
Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
70 urteko amona, Aranoko Beltsoko Bordan familia sortu duena. Ia 50 urte daramatzat Aranon, ezkondu nintzenetik. Duela bi urte alargundu nintzen eta orain, etxe inguruan, artaldea zaintzen eta biloben bisiten zain lasai bizi naiz.
«Artantxuriketan ikuskizunarekin asko gozatu genuen»
Urte batzuez atzera egin behar dugu. Nolako haurtzaroa duzu gogoan?
Hamar senidetan zaharrena naiz, neska, eta ondotik etorri ziren anai-arrebak zaintzen oroitzen dut neure burua. Segida xamarrekoak ginen, eta gaztetxo nintzela, neskame joan nintzen Donostiara. Etxean aita-amak eta aitona-amonak hamar umerekin... Ez ginen aspertzen...
Txikitatik izan duzu kantatzeko afizioa. Nondik heldu zaizu?
Aita oso kantuzalea zen, eta bertso zaharrak eta kanta asko ikasi genizkion berari. Ume bat besoetan izatea aski zuen hari kantari hasteko… Amari ere bai, ikasi genizkion, baina aitarenak ditut haurtzaroan gogoan. Eta nik haur kantak asko kantatzen nituen, anai-arreba gazteagoak lo harrarazteko. Aldapeko, eskutxoarenak, Akerra ikusi dugu eta gisakoak… eta bertso zaharrak pilaka. Eta gogoan dut lehenengo irratia gure etxean sartu zen garaia. Euskal kantak entzutea, orduko taldeak eta bakarlariak ezagutzea… Hor mundu bat ireki zitzaigun guztioi etxean. Ilunabarretan haren ondora arrimatzen ginen ahal genuenak.
Kantatzeko zaletasuna eta abilidadea Arantxa, Ainhoa eta Maider alabek bereganatu dute. Zer sentitzen duzu hori ikusita?
Harrotasuna. Poza ematen dit zaletasuna eta gaitasuna badutela ikusteak… Zer esanen dut, ba? Kotxean noranahi gindoazela, Land Rover zahar hartan, kantari joaten ginen… Ez dut leku konkretu bat gogoan bereziki gelditua, baina etxean beti kantatu izan dugula bai.
Etxean eta etxekoekin ez ezik, kantatzeko zaletasun horri bestela ere eutsi diozu. Adibidez, Ereñotzuko Ozenki abesbatzan ibili zinen…
Urte mordoxka batean ibili nintzen Ozenki abesbatzan, bai. 20 bat urtez agian… Taldean kantatzen ikasi, harremanak egin jendearekin, hara eta hona mugitu batean eta bestean kantatuz… Otorduak, ospakizunak… Urte politak izan ziren egia esateko!
«Poza ematen dit alaben kantuzaletasunak ikusteak»
Eta halako batean, Artantxuriketan ikuskizuna etorri zen. Zer oroitzapen dituzu?
Ustekabeko proposamena izan zen, eta gustura hartu nuen. Juan Mari Beltranek eskatu zion Arantxari, alaba zaharrenari, zerbait horrelakoa eginen genuen eta hauxe bururatu zitzaigun. Alabekin garai bateko kontuez eta kantez aritzea, modu libre xamar batean, oroitzapenak astinduz… Zoragarria izan zen. Herri askotan ibili ginen, guk saio bat edo beste egitea bakarrik pentsatu bagenuen ere. Baserri giroa eta baserriko lanak jendearengana gerturatu eta jendeari gozarazten saiatzen ginen, artazuriketa aitzakia hartuta. Baita guk ere, elkarrekin gozatu ederra hartzen genuen, alabek eta laurok. Senarra zena ere gurekin joaten zen batera eta bestera eta manaierra [managerra] deitzen genion. Hark, barrez, amagiarreba? galdetzen zigun… Garai hartako oso oroitzapen politak ditut.
Eta oroitzapen horien artean, baduzu orduko momentu bereziren bat gogoan gelditua?
Saioaren bukaera aldera, ikusleen artean zeuden umeak gonbidatzen genituen arto zuritzera. Momentu nahasi xamarra izaten zen, baina oso berezia. Alabek ere barre egiten zidaten saioaren bukaeran gidoi guztiak ahaztu eta, momentuan burutik pasatzen zitzaizkidan kontuak ateratzen nituelako, eta berriz gidoira bueltatzen gero lanak izaten zituztelako... Denok dugu garai hura bihotzean oso gordeta.
Horren ondotik, urte batzuk egin omen dituzu kantatu gabe. Kontatuko zeniguke?
Senarra gaixotu zen, gero pandemia etorri zen, anaia eta senarra bat bestearen atzetik galdu nituen eta neronek ere biriketako arazo bat izaten dut. Horiek guztiak bat eginda, kantatzea alde batera utzi nuen, ahaztutzat. Elizan kantatzen jarraitzen dut, eta oso gustura, baina gainerakoan ez dut askorik egiten.
Joan den urtean Pello Reparazen gonbita ailegatu zitzaizun. Nola ailegatu zitzaizun proposamena?
Maiderrek, alaba gazteenak, Pellok bere proiektu baterako emakume heldu bat nahi zuela esanez deitu ziola esan zidan. Eta sorpresaz hartu ninduen. Nire lehen erantzuna ezetz izan zen. Ez nuen Pello ezagutzen, ez nekien Zetak zer zen… Baina pentsatuko duzu nire inguruan, biloben artean batez ere, zer nolako burrunba sortu zen! Animatu ninduten eta hementxe nago! Ez daukat inongo urrikirik. Alderantziz; oso eskertua nago eman didaten aukeragatik.
'Hileta kantu nafarra' da elkarlan horren emaitza. Zer da zuretzat kanta hori?
Baiezkoa eman nuenean, ez nekien zertara nindoan. Hasieran, letra jaso genuen eta Hileta kantu nafarra irakurtze hutsa oso gogorra egin zitzaidan. Gero, letra guztia irakurrita, musika erantsita… negar saio galantak egin nituen. Ukitu egin ninduen eta ez nuen uste gai izanen nintzenik segidan kantatzeko. Oraindik ere negar egiten dut… Kontuan izan senarra hil zela urte bat bete gabe zegoela proposamena jaso nuenean. Baina Pello ezagutu nuenean, bere estudiora sartu ginenean,... bere jarrerak eta hurbiltasunak asko lasaitu ninduten.
Kanta horren letretan 'Agur' hitza asko aipatzen da. Senarra galdu berria izanda, gogorra izan da?
Kanta bera entzutea, ikastea, grabaketa estudiora egindako buelta, bideoklipa grabatu izana… Bideoklipa grabatu genuen arratsaldean, Pellok berak ere esan zuen, eta nik uste dut hala izan zela, biontzat galera baten aurrean dolua sendatzeko terapia modukoa izan zela. Berak aitonari egin zion kanta hau, eta bideokliparen bukaeran bere aitonaren izena eta nire senarrarena jartzea omenaldi polita izan zen. Horregatik esaten dut guztiarekin oso eskertua nagoela.
«Zetak-en kanta dolua sendatzeko terapia modukoa izan da»
Heriotza gai tabua dela iruditzen zaizu?
Heriotza ez da niretzat hitz egitea kostatzen zaidan gai bat. Zaintzan lan egin izan dut urte askotan eta nire bizitzan zehar heriotza asko ikusi ditut inguruan. Noski, etxean eta hain gertu sentitzean, mina ere halakoa da. Baina natural-tasunez bizi dudala uste dut.
Halako arrakasta espero zenuen?
Kanta argitara eman zutenean, egin duen bidea pentsaezina zen niretzat. Horrenbeste entzunaldi izan dituela… Ez dakit nola gertatu den! Pellok egindako lanaren emaitza hortxe nabari da.
Zer moduzko esperientzia izan da Mitoaroan parte hartzea?
Mitoaroa barrutik bizitzea brutala izan dela errepikatu izan dut behin eta berriz. Oso esperientzia polita izan da, ederra. Hainbeste jende ezagutu, giro eder horretan, lantaldea bera… Eta gainera aukera eman izana hiru alabe-kin batera kantatzeko… Izugarrizko lasaitasuna eman dit horrek! Babestua sentitu nintzen detaile horiekin guztiekin.
«Oholtzan hainbeste emakume ikustea pozgarria da»
Zuri parte hartzeko gonbita eginez, Pello Reparazek garai bateko emakume kantariei omenaldia egin nahi izan die. Zer aukera zituzten zu gaztea zinen garaian emakume kantariek?
Ni gaztea nintzela, ez genuen pentsatu ere egiten askok mundu hori gurea izan zitekeenik. Etxean, familia giroan, zaintzan… hor egon behar genuela sentitzen genuen. Orain, oholtza gainean, arlo askotan horrenbeste emakume ikusteak poza ematen du! Ederki ireki dituzte bideak! Egiteko asko dagoela esanen dute, baina ederki irauli dituzte bazterrak eta bejondeiela!
Zure aurrekoek euskal kantak eta bertsoak transmititu zizkizuten zuri. Zuk ere egin dizkiezu zure alabei. Baina orokorrean ohitura horiek galtzen ari direla iruditzen zaizu?
Familia giroan oso zaila da garai batean kantatzeari ematen genion garrantzia mantentzea. Gaur egun, teknologiak ere leku haundia hartu du eta gazteen artean ez dut horren inguruko kezkarik ikusten. Zortea izan dut etxean zaletasun haundia izan dugulako eta saiatu garelako jasotzen, ezagutzen eta ikasten… Ea ondorengoek zer egiten duten…
Labur-labur • Aranon bizi den goizuetarra edo Goizuetan sortutako aranoarra? Goizuetan sortutako aranoarra. • Haur bati kantatzeko kanta bat? Haurtxo polita. • Alabekin kantatzeko kanta bat? Izar eder bat. • Bakarrik kantatzeko kanta bat? Hileta kantu nafarra. • Euskal kanta zaharrak edo oraingoak? Euskal kanta zaharrak. • Kantari bat? Xabier Lete. • Lehengo kantariak edo oraingoak? Bietatik. • Ahotsa zaintzeko sekretu bat? Eztia eta limoi ura hartu. • Aranoko txokorik gustukoena? Ixerkei. • Goizuetako txokorik gustukoena? Benai Soro. • Kantatzea ez den beste afizioren bat? Jubilotekan lagunekin elkartu eta bidaiatxoren bat egin noizean behin… |