'Mingañe saltsan' bertso sariketa bueltan da

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 12a, 09:00

Atekaberts Leitzako bertso eskolak Mingañe Saltsan bertso sariketa antolatu du. Otsailaren 14an hasiko da, bertso afari giroan egin ohi duten txapelketa. Hirugarren edizioa izanen da aurtengoa, 2023an egin zuten azkenekoa, eta hiru kanporaketa eta finala izanen ditu. Leitzaldean eta Urumealdean jokatuko dituzte lau saioetatik hiru; kanporaketak Aranon, Areson eta Errazkinen jokatuko dituzte eta finala, martxoaren 14an izanen da Leitzan.

Aniztasuna
Hamabi bertsolari ariko dira kantuan eta hainbat belaunaldi eta estilotako bertsolariak, plazan gehiago edo gutxiagotan aritutakoak, mahaiaren bueltan bildu eta bertsotan elkarrekin aritzea da sariketa honekin lortu nahi dutena. «Lagunartean bertsotan gozatu» eta bertsozaleei aniztasun hori eskaintzea.

Otsailaren 14an, Aranon
Otsailaren 14an, ostiralean, Aranoko ostatuan jokatuko dute lehenbiziko kanporaketa. Irantzu Idoate, Joanes Illarregi, Iñigo Gorostarzu eta Maddalen Arzallus ariko dira kantuan. Afaltzeko hitzordua 21:00etan egin dute eta afalondoan hasiko dira bertsolariak kantuan. Sarrerak 25 eurotan eskuratu daitezke.

Otsailaren 21ean, Areson
Bigarren kanporaketa, Aresoko Pake Toki elkartean jokatuko dute, otsailaren 21ean, 21:00etatik aurrera. Idoia Granizo, Maider Arregi, Unai Mendizabal eta Julio Soto bertsolariak ariko dira kantuan.

Otsailaren 28an, Errazkinen
Otsailaren 28an, Errazkingo Txirrika elkartean jokatuko dute azken kanporaketa. Eli Pagola, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Kerma Diaz ariko dira bertsotan. Saio honen ondotik jakinen dute nortzuk izanen diren martxoaren 14an Leitzan abestuko duten finalistak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun