Goiuri Zabaletak eta Osesek Urrezko Ligako lehen puntua lortu dute

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 10a, 11:00

Oses, Zabaleta, Bergara eta Arrizabalaga igandean Aretxabaletan. Urrezko Ligako lehen partidan garaipena lortu dute urdinek.

Igandean Aretxabaletan jokatutako lehen jardunaldian 22-12 irabazi zieten lehen faseko partida guztiak irabaziak zituzten Arrizabalagari eta Bergarari

Merezi zuen bezalako hasiera izan zuen Emakume Master Cupeko eskuz binakako txapelketako Urrezko Ligak igande goizean Aretxabaletako Iturrigorri pilotalekuan. Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Uxue Osesek formatu berritzaile honetako lehen puntua eskuratu zuten orain arte partida guztiak irabazita zituzten Arrizabalagari eta Bergarari 22-12 gailenduta.

Olatz Arrizabalaga, Binakako bost txapelen jabea eta Goiuri Zabaleta, egungo lau eta erdiko txapelduna, biak aurrez aurre ziren. Bi aurrelari handi hauen arteko lehiak piztu zuen ikusminik eta txapelketako lehen fasean gertatu zenaren kontra, garaipena Zabaletaren eta Osesen alde erori zen. Aretxabaletan Arrizabalaga eta Oses izan ziren beraien egunik onena izan ez zutenak eta, Urrezko Liga honetan dagoen mailarekin, bere onena emateko gai ez direnek zail izanen dute 22ra ailegatzea. 

Lehiaketatik kanpo, Aretxabaletan izan zen elite mailako beste partida erakargarri bat ere eta bertan, Irati Betegi, herriko alabak, garaipen handi bat eskuratu zuen, Miren Larrarte lagun zuela, Aldai-Capellan bezalako bikote handi baten aurka (22-17).

Promesak mailako bertze bi partida ere jokatu zituzten, tartean binakako txapelketa honetan jokatzera Bartzelonatik etorritakoak ere. Maialen Esnalek eta Jone Zumetak 18-12 irabazi zieten Edurne Carreterori eta Petra Rodriguezi; eta Uxue Lopez de Okarizek eta Maddi Ugaldek 18-6 irabazi zieten Eva Leoni eta Laia Canciori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun