2022an Olinpiar Jokoak jokatu zituen urte berean, belauneko lesio batek amesgaizto bilakatu zuen bizitzen ari zen ametsa. Bi urtez egon da lehiatik kanpo, baina hasi da ilunetan argia ikusten. Joan den abenduan itzuli zen lehiara eta Europako kopako hainbat probetan parte hartu du: Santa Caterinan (Italian), Pass Thurnen (Austrian) eta Orcieres Marlette 1850en (Frantzian). Munduko Txapelketan parte hartzen duen hirugarren aldia du aurtengoa, 2019an Aren (Suedian) eta 2021ean Cortina d'Ampezzon (Italian) ere parte hartu zuen.
Otsailaren 5ean, asteazkenean izan zuen Erraldoirako lehen entrenamendu txanda, Austriako eski estazioko Schneekristall ibilbidean. Azken orduko gorabeherarik ez bada, eguraldia edo pisten egoera kaxkarra kasu, ostiral honetan egingo du debuta lehiaketa ofizialean, Super erraldoiko modalitatean. Otsailaren 9an, izango du bigarren hitzordu handia, gizonezkoen jaitsiera proban parte hartuko du.