Zahagi dantza dantzatu dute goizuetarrek Esne Beltzaren azken kontzertuan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 4a, 10:30

Esne Beltza musika taldeak otsailaren 1ean eman zion bukaera hemezortzi urteko ibilbideari.  8.000 lagunek bete zuten Bilbo Arena eta hiru orduz luzatu zen festa. Hainbat lagun igo ziren oholtzara eta tartean, ez ziren falta izan goizuetarrak. Bederatzi laguneko kuadrillak Zahagi dantza dantzatu zuen. 

Gauza jakina da  Esne Beltza taldeak lotura berezia izan duela betidanik Goizuetarekin. Horren erakusle da 2024ko azaroaren 2an herrian eman zuten azken kontzertua. Bada, taldearen azken kontzertuan ere ezin zuten falta eta Fernando Goia Pollo Zahagiak eta zortzi makilek dotore dantzatu zuten Zahagi dantza. Ez ziren izan eskualdeko ordezkari bakarrak, Zubietako joaldunek ere parte hartu baitzuten emanaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun