Trabuko Bideko lehenbiziko etapa egiteko izena emateko epea zabalik

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 3a, 12:00

Goizuetatik Leitzarako bidea eginen dute lehenbiziko etapan.

Goizueta eta Leitza arteko bidea otsailaren 22an eginen dute eta izena emateko epea otsailaren 3tik 17ra egonen da zabalik.

Burutik paperera, paperetik errealitatera. Arainburu Mendi Taldekoek azken hilabeteetan mimoz landu duten proiektuak hemendik gutxira ikusiko du argia. Otsailaren 22an eginen dute Trabuko Bideko lehenengo etapa. 

Patziku Perurenaren Goizuetan bada gizon bat liburua oinarri hartuta, Berdabio eta bere lagunen larruan jarri eta preso eraman zituztenean egin zuten bidea egiteko aukera eskainiko dute. Goizuetatik Iruñerako bide zaharra berreskuratuko dute, lau etapatan banatuta.

Lau etapa

Lehenengo etapa, Goizueta eta Leitza artekoa, otsailaren 22an eginen dute. Bigarren etapa martxoaren 15ean izanen da eta Leitzatik Ihabenera arteko bidea osatuko dute. Martxoaren 29an eginen dute hirugarren etapa eta Ihabenetik Oteizara joanen dira. Trabuko Bideko azken etapa, apirilaren 26an eginen dute eta Iruñean bazkari batekin borobilduko dute. Gainera, lau etapak osatzen dituztenek egiaztagiri bat jasoko dute.

Etapa bakoitzeko hasiera puntura norbera bere kabuz joanen da, baina antolatzaileek autoak partekatzea gomendatu dute. Etapa bukaeran autobusa jarriko dute bueltarako. Horregatik, 40 lagunetara mugatu dute parte hartzaile kopurua eta aldez aurretik izena eman beharko dute 669 08 01 61 telefonora deituta (14:00etatik 19:00etara). Izena emateko epeak etapa bakoitzaren aurretik zehaztuko dituzte eta lehenengo etaparako, otsailaren 3tik 17ra egonen da zabalik epea.

Goizuetatik Leitzara

Otsailaren 22an, 08:00etan aterako dira Goizuetako plazatik. Sei ordu inguruko itzulia izanen dute aurretik eta bueltarako autobusa 14:30ean aterako da Leitzatik. Denera, 17,4 kilometroko bidea izanen da eta ibilbidearen zailtasuna dela medio, mendian ibiltzeko ohitura izatea beharrezkoa da. Izena ematerakoaren, 10 euro ordaindu beharko dituzte autobus zerbitzuaren truke. Horretarako, 669 08 01 61 zenbakira Bizum bat egin eta kontzeptuan izen-abizenak eta eta etaparen izena jarri beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun