Irati Lazkano eta Amaia Agirre

Hitzak Eskura: zeinuak hitzaren osagarri

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 2a, 11:00

Irati eta Amaia 'Ama' hitzaren zeinua egiten.

Hitzekin eta zeinuekin jolas egiteko proposamena dakarte Irati Lazkanok eta Amaia Agirrek: «zeinuak egunerokoan sartzen joan eta hitzaren osagarri izatea da asmoa». Haurrak ahozko hizkuntza bereganatu bitartean zeinu bidez komunikatzeko gai dira eta hori baliatu nahi dute: «helduek gure hitzei zeinuak gehituko dizkiegu eta haurrek lehenbizi zeinuak erabiliko dituzte eta gero jarriko dituzte hitzak. Heldu zein haurrek zeinuak ezagututa, bien arteko komunikazioa errazten da».

Komunikatzeko premia

Entzumen eta mintzairako irakaslea da Lazkano eta hezitzailea Agirre, baina lanbidetik baino amatasunetik sentitu dute proiektu hau martxan jartzeko beharra. Adinkideak dira beraien seme-alabak, urtebete eta hiru urte dituzte, eta eskola atariko elkarrizketak izan ziren guztiaren abiapuntua. Hala azaldu du Lazkanok: «gure alaba gazteena, Garazi, sorra da. Egun batean seme zaharrenak eskolan utzi ondoren, Amaia eta biok gaiari buruz hizketan hasi ginen». Argi ikusi zuten komunikatzeko premia haur guztiek izaten dutela eta askok izaten dituztela zailtasunak «ez da sorrei bakarrik eragiten dien kontua. Badakigu urtebete eta bi urteren bueltan, oraindik ere, txiki gehienek ez dutela ahozko hizkuntza guztiz garatua izaten». Kontuan izan behar da ahozko hizkuntza ez dela egun batetik bestera bereganatzen: «pixkanaka joaten da garatzen. Haurra ez da egun batetik bestera helduek adina hitz egiten hasten. Heldu batek adina hitz egiteko, gutxienez, jaio denetik sei bat urte pasako dira, bien bitartean, nola komunikatu?». Haurrei prozesu horretan nola lagundu jakiteko, batean eta bestean bila hasi ziren: «Baby Sign Language metodoarekin topo egin genuen arte».

Zeinuak hitzaren osagarri

Estatu Batuetan 80ko hamarkadan hasi ziren Baby Signs metodoa erabiltzen: «Zeinu Hizkuntzatik eratorritako zeinu solteak hartu eta haurren egunerokoan txertatzen dituzte». Argi utzi nahi dute Baby Signs metodoa eta Zeinu Hizkuntza ez direla gauza bera: «Zeinu Hizkuntza gorren hizkuntza naturala da eta gor komunitateak erabiltzen duena. Berezitasun ugari ditu: egitura zehatzak, aditz jokatu gabeak, posizio ezberdinak, aurpegi eta gorputz adierazpenaren garrantzia». Hitzak Eskurak proposatzen duen metodoa, aldiz, eredu bimodala da: «bi modalitateak biltzen dituena: hitza eta zeinua elkarrekin doaz. Ahozkoaren egitura mantentzen da, baina osatu eta laguntzeko zeinuak ere erabiltzen dira».

Formazio zehatza jaso dute biek, zeinu aholkulariak dira eta ikasitakoa besteei erakusteko sortu dute Hitzak Eskura proiektua. Estatu Batuetako metodoa egokitu dute «Baby Singsak American Sing Languagean oinarritutako hitzak hartzen ditu. Euskarak Zeinu Hizkuntza ofizialik ez duenez, Gaztelerazko Zeinu Hizkuntza erabili dugu, baina gurera egokituta. Metodo honek zeinuak gure txikien beharretara moldatzea baimentzen du, ez da zurruna, eta zeinu berriak asmatu, moldatu eta beharren arabera egokitzeko aukera ematen du».

Onurak

Metodo hau erabilita, komunikazio goiztiarra lortu eta «gure txikiei hizkuntza berri eta funtzional baterako ateak irekitzen dizkiegu». Eta ez hori bakarrik: «gurasoekin lotura afektiboa lortu, motrizitate fina hobetu, autoestimuan eragin positiboa izan, inguruarekin elkarreraginean aritzeko interesa piztea... asko dira dakartzan onurak».

Ezagutzak partekatu

Hitzak Eskuraren bidez, sare sozialetan hainbat baliabide herritar guztien eskura jarri eta formazioa ere eskaini nahi dute: «saio praktikoak, dinamikoak eta haur txikien interesguneak kontutan hartzen dituztenak eskaini nahi ditugu». Instituzio (haur eskolak, udalak, bestelako guneak...) zein familiei zuzendutako saioak izanen dira eta «batzuen eta besteen beharretara egokitutako material bisuala eta erabil erraza sortu dugu». LAGA Gizarte Zerbitzuen eskutik, otsailaren 25ean eta martxoaren 6an egitekoa dute lehenbiziko tailerra «dohainik izanen da eta laster irekiko dute izena emateko epea. Interesa dutenek gizarte zerbitzuetan eska dezakete informazio gehiago».

Nori zuzendua

Haur txikiekin kontaktuan egon behar den ororentzat interesgarria dela uste dute: «gurasoentzat, familiako beste edozein kiderentzat, hezitzaile eta eskolako langileentzat, haurren inguruko formazioak antolatzen dituen edozein instituzio eta entitateentzat...». Sare sozialen bidez elkarbanatu dituzten bideoetan ere irudikatu nahi izan dute aniztasun hori: «aiton-amonak, gurasoak, haurrak... ageri dira, etxean, kalean... zeinuak egiten. Horixe da zabaldu nahi dugun mezua: edozeinek egin dezakeela zeinua, edonon, ez dela ikaragarrizko jakintza edo ezagutzarik behar eta edozeinen esku dagoela». Hutsetik ari dira baliabideak sortzen: «eduki dinamikoak sortzen ari gara: kantuak, ipuinak... zeinuak egiten ikasi ondoren, non erabili izateko».

Beldurrak eta aurreiritziak

Jakin badakite, ordea, aurreiritzi eta beldur batzuk badirela gai honen inguruan: «ea zeinua egin eta ez duen hitz egiten hasi behar edo zertarako ikasi nire seme edo alabak hitz egiten badaki?». Lazkanok eta Agirrek galdera horientzat argi dute erantzuna: «gutxieneko zeinu batzuk ezagutzeak inori ez dio kalte egiten, kontrakoa, aberasgarria dela pentsatzen dugu». Komunikatzeko beste tresna bat den heinean, erabilgarria eta denentzat baliagarria dela uste dute: «gizakiok komunikatzeko beharra dugu, beste baliabide eta laguntza bat ematea da. Naturalki denok egiten ditugu zeinuak. Haur gehienek lo, jan, etorri... zeinu bidez adierazten dituzte. Asmoa da zeinu horiei beste batzuk gehitzea. Baliabide hori geroz eta aberatsagoa izatea eta hala komunikazioa hobetzea». Haur txikiak dituzten etxe askotan bizi duten egoera da: «zenbat aldiz tokatu izan zaigu, umea zerbait eskatzen hasi, helduak ulertu ez eta haurrak negarrez edo haserre bukatzea. Batzuk ezin adieraziz eta besteak ezin ulertu, ezin asmatuz ibiltzea… horri buelta ematea da asmoa».

Askorentzat baliagarria

Oso ahozkoa den mundu batean bizi garela diote, «ahozkoa bereganatzen hasten garen heinean egia da zeinuak galtzen doazela, baina hitzak baino errazago ateratzen zaizkie askori zeinuak». Ez dugu horiekin ahaztu behar, «badaude adierazteko zeinuen beharra izaten segitzen dutenak. Haur bakoitzak bere erritmora ikasten du hitz egiten eta errealitate horiek guztiak kontuan izatea garrantzitsua da». Zeinuak sartzen joateko, jolas gisara planteatzea da beraien ustez gakoa: «kantuekin, eguneroko errutinetan... beraien interesa piztu eta imitazioz ikasi egiten dute».

Inklusiorako bidea

Inklusiorako bidea ere izan daitekeela uste dute: «gelditu liteke hemen bertan umeekin zeinu batzuk ikasita edo aukera eman dezake zabaltzeko. Bimodala izan daiteke bide bat zeinu hizkuntza pixkanaka ikasten joateko. Sorrak diren haurrentzat edo bestelako patologiaren baten ondorioz hizketarako zailtasunak dituztenentzat pauso garrantzitsua litzateke». Eskoletan halako kasuen aurrean hartzen diren neurri batzuk ere zalantzan jarri dituzte: «batzuetan ikusten dugu umeei pantailak ematen dizkiegula zeinuekin. Guk berez badugu baliabide hori, baina badirudi errazagoa zaigula pantaila jartzea, guk ikastea baino».

Ikusi, ikasi eta erabili. Horixe da beraien proposamena: «zeinuak diren bezala egiten saiatuko gara, baina gure helburua ez da zeinuak perfektu egitea. Garrantzitsuena komunikatzea da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun