Leitzako jangela proiektuak aurrera egin edo ez erabakiko dute ostiralean

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 29a, 08:00

Ostiralean, urtarrilaren 31n, Leitzako Herri Aretoan aurkeztu eta bozkatuko dute herritik eta herriarentzat sortu duten proiektua.

Duela gutxira arte Nafarroako Gobernuak izan du Leitzako eskola jangela kudeatzeko eskumen osoa; ez zegoen aukerarik tokiko erakundeek jangela kudea zezaten. Lizitazio-prozesu baten bidez esleitu izan du orain arte Nafarroako Gobernuak jangelaren kudeaketa eta enpresa handiak atera izan dira beti garaile. Makina bat buruhauste sortu ditu horrek eta azken urteetan egoerak okerrera egin du. Hiru krisialdi nagusi izan dira: 2021-2022 ikasturtean institutuko jangela kendu zuten, 2023-2024 ikasturtean enpresak prezioak igo eta kalitatea nabarmen jaitsi zuen eta 2024-2025 ikasturtean prezioak ikasleko eta eguneko 13,10 eurora arte igo zituzten. Azken honekin lotuta, hainbat idatzi argitaratu ziren prentsan, eta, azkenean, Nafarroako Gobernuak aldea bere gain hartu eta zazpi euro eta erdira mugatu zuen prezioa eguneroko erabiltzaileentzat.

Urtetik urtera, egoera okerrera doala ikusita, eta 58/2024 Foru Dekretuaren 9. artikuluarekin bide legala ireki dela aprobetxatuz, proiektu parte hartzaile bat martxan jartzea erabaki zuten 2024-2025 ikasturte hasieran. Erleta eskolako jangela herritik kudeatzeko aukera aztertzen hasi ziren. Proiektuari forma eman diote eta ostiral honetan, urtarrilaren 31n, aurkeztu eta bozkatuko dute Herri Aretoan, 18:00etan.

Garatutako proiektua herriak ontzat emanen balu, Leitzako Udalak hitzarmen bat sinatuko luke Nafarroako Gobernuarekin. Horretarako, gutxienez, 50 pertsonak parte hartu beharko lukete bozketan eta botoa ematen dutenen bi herenak aldeko botoa eman beharko luke. Proiektuan parte hartu dutenek diote eskumen aldaketa hau burujabetzarako pauso garrantzitsua dela: «enpresa handien monopoliotik aske geratuko ginateke, jangela gune hezigarria izanen litzateke, erabakiak herrian bertan hartuko genituzke, herriko ekonomia zirkularrean eraginen genuke, proiektu bizia eta beharren arabera moldagarria izanen litzateke eta bestelako proiektuei ateak zabalduko litzaizkieke: baratzea, negutegia...».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun