Bigarren eskuko denda irekiko du ostiralean Zaindu Leitzaldeak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 21a, 17:00

Arropa eta osagarri ugari izanen dituzte erosleek aukeran.

Arropa eta osagarriei bizi berri bat emateko asmoz, bigarren eskuko denda irekiko du Zaindu Leitzaldeak. Urtarrilaren 24an 10:30ean eginen dute irekiera ofiziala eta aurrerantzean, ostiralero, 10:30etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egonen da zabalik.

Mendialdea Mankomunitateak eta Zaindu Leitzaldeak elkarlanean eman diote forma proiektuari. Udazkenean hasi ziren arropa eta osagarriak biltzen eta Zaindu Leitzaldea elkarteko boluntarioak izan dira saltzera atera aurretik, guztia sailkatu, garbitu eta txukundu dutenak. Haur, gazte zein helduentzako arropa eta osagarri ugari dituzte prest eta edonor joan daiteke bertara erostera. Salneurriei dagokienez, merkeenak hiru eurotan eta garestienak hogei eurotan jarri dituzte salgai.

Ekimen honekin bigarren eskuko merkatu bat sortu, beraien proiektua finantzatu, ekonomia zirkularra bultzatu eta kontsumo eredu berriak sustatu nahi dituzte. Orain materiala salmentara atera duten arren, arropa eta osagarriak biltzen segitzen dutela ere argitu nahi izan dute: «etxean soberan dutena ekar dezatela gurera».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun