Plazaolako bide berdeko irisgarritasuna hobetzeko lanak hasi dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 19a, 11:00

Leitzako zatiko lanak egiteko bost hilabete beharko dituzte.

Leitzako Plazaolako geltokitik mugaraino doan tartea konpontzen hasiak dira. Hamabi kilometroko bide berdeko zatian eginen dituzte lanak eta bost hilabetean bukatzea aurreikusten dute. 

Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kirol Departamentuak 2024ko azaroan Lakita SL enpresari esleitu zizkion Plazaolako Natur Bideko irisgarritasuna hobetzeko lanak. 2025eko ilbeltzean, Leitzan, hasi dituzte lanak. Plazaolako Natur Bideko bost sarbidetan (Leitzan, Lekunberrin, Larraunen, Imotzen eta Irurtzunen) eginen dituzte hobekuntzak, bide berdea irisgarriagoa eta denentzat erabilgarria izan dadin.

Lanen kostua, 280.620 eurokoa da (BEZ barne) eta Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatuko dute. Ibilbidea eta zoladurak hobetu, barandak eta eskubandak jarri, tuneletako argiztapena hobetzeko gida-elementuak jarri, irteera puntuetan seinaleztapena hobetu eta mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku berriak eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun