Arturo Elosegi

«Gero eta gogorragoak eta gero eta maizago izanen ditugu uholdeak»

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 18a, 08:00

Uholdeak hartzeko arriskua duten lurretan ez eraikitzearen garrantzia nabarmendu du Elosegik.

Arturo ELOSEGI IRURTIA, ekologian katedraduna eta ibaietan aditua

Historian ingurumen desastreak beti izan direla dio Leitzako adituak, baina klima aldaketarekin, horien arriskua handituko dela ohartarazi du. Klima aldaketa «serio hartu» behar dela gaineratu du.

«Ingurumen desastreak betidanik gertatu dira, baina klima aldaketaren ondorioz, gero eta maizago eta gogorragoak izanen dira». Halaxe, argi eta garbi, mintzatu da Arturo Elosegi Irurtia leitzarra. Ekologian katedraduna eta ibaietan aditua da. Klima aldaketa, uholde arriskua, Dana eta beste hainbat kontu izan ditu hizpide. Urri bukaeran Valentzian gertatu zen hondamendiaren harira, ikusi dena eta ez dena utzi nahi izan ditu agerian, «desastre guziak batera» gertatu zirela argituz: «euri asko, hirigintzaren antolamendua, gizartearen utzikeria...». Gehiago ere bai. Klima aldaketarena «serio hartu beharreko kontua» dela azpimarratu du, eta neurriak hartzearen garrantziaz aritu da. Antartidako Kerguelen irlara egin beharreko espedizio baten atarian bildu da TTIPI-TTAPArekin. Hiru hilabetetarako joana da hango errekak aztertzera, baina laster bueltatuko da.

Askotan hartu duzu klima aldaketa hizpide. Zer esanen zenuke? 

Aspaldi abisatzen ari ginen klima aldaketa etorriko zela. Alderdi interesatu baten aldetik, klima aldaketa ukatzeko mugimendu bat izan da, eta urte batzuez bazirudien zalantzak izan zitezkeela, baina gaur egun, kontsentsu zientifikoa ia erabatekoa da. Zientzialarien % 99,9 zeharo konbentzitua gaude klima aldatzen ari dela eta gizakiak sortutako CO2aren eta beste gasen isurketak direla horren eragileak. Badakigu gertatzen ari dela eta orain arteko aurreikuspenak bete-betean asmatu dituzte. Gehiago ere bai, horrek argi utzi digu aurrerantzean ere, mendeetan ez bada hamarkada askotan, klimak berotzen segituko duela. Hau da, gero eta baldintza gogorragoak etorriko zaizkigu. Euskal Herrian, Nafarroako Erriberan prezipitazioak murriztuko dira eta Kantauri aldean segur aski gutxi aldatuko dira, baina kontzentratu eginen dira. Hau da, euria egun gutxiagotan eginen du eta agorraldi luzeagoak izanen ditugu.Tenperatura igotzearekin batera, nahiz eta prezipitazioak normalak izan, lurruntze gehiago daude eta lehortea heldu zaigu. Esate baterako, orain dela bizpahiru urte oso-oso uda lehorra izan genuen, baina urteko prezipitazioa ikusita, normal-normala izan zen. Alegia, euria egun gutxiagotan bota zuen eta tenperatura altuagoa izan zen. Hori da heldu zaiguna eta horri aurre egiten ja hasi beharko genuke, ahal dugun indar guziarekin. 

Dana edo tanta hotza ezagun egin da azken boladan... Esplikatuko zenuke? 

Tanta hotza Artikotik datorren aire masa bat da, altueran dagoena, oso hotza dena eta Artikoko gainerako airetik isolatua gelditzen dena. Aire masa hotz horrek aire masa bero eta hezeekin talka egiten duenean, sekulako euri jasak izaten dira.

Normalak dira halako fenomenoak? 

Bai, ingurumen desastreak beti gertatu izan dira. Kontua da, orain, klima aldaketarekin, gero eta maizago eta gero eta gogorragoak direla.

«Valentzian gerta zitezkeen desastre guziak batera gertatu ziren: euri asko, hirigintzaren antolamendua, gizartearen utzikeria... »

Joan den urrian eta azaroan Valentzian, Katalunian edo Malagan gertatutakoaren harira, zer balorazio eginen zenuke? 

Bi alderdi hartu behar dira kontuan. Alde batetik, zenbat Dana izan diren eta zer intentsitate izan duten. Eta horren harira, klimatologoen aurreikuspenak bete-betean betetzen ari direla azpimarratuko nuke, hau da, aurreikusitakoa gero eta maizago eta gero eta gogorragoa izanen dela. Bestetik, Dana bakoitzak eragin duen kalteari erreparatu beharko genioke. Eta horri dagokionez, bota duen euri jasaz gainera, badira arreta merezi duten beste alderdi batzuk. Adibidez, gizakiok non eraiki dugun eta non ez, zer alarma sistema jarri ditugun martxan... Kasu horretan ere, aurreikuspenik txarrenak bete dira. Eraikuntza pila dauzkagu uholde arrisku handiko eremuetan eginak, eta halako egoeratarako alarma sistemarik baldin badago, Valentzian ez zuten ongi funtzionatu, ez ziren martxan jarri edo jendeak ez zion kasurik egin. Beraz, Valentzian gerta zitezkeen desastre guziak batera gertatu ziren: euri asko, hirigintzaren antolamendua, gizartearen utzikeria... 

Halakoak aurreikusten ahal dira? 

Zaila da noiz gertatuko diren esatea, baina gaur egun, astebeteko edo bost eguneko aurrerapenarekin dezente ongi aurreikusten ahal dira. Honekin lotuta, administrazioak jada eginak edo bukatu xamar ditu uholde arriskuko eremuen mapak, eta horren arabera, hamar urtetik behin, ehun urtetik behin edo 500 urtetik behin, gutxi gorabehera, uholdeak zer tokitan izanen diren ikus daiteke. Mapa horiek publikoak dira eta gure etxeak edo lantegiak arrisku eremuan dauden edo ez kontsulta dezakegu. [Hona hemen lotura].  

«Elizondo maiz urperatzearen den tokia da, eta arazoetako bat Txokotoko presa da»

Mapa horren arabera, gure eskualdean ere badira uholde arriskuko eremuak... 

Bai, eskualdean ere bada arriskua, dudarik gabe. Horrelakoak betidanik izan dira. Erreparatu bestela Elizondoko elizari. Oso eliza berria da, 1913an eraikia, uholdeak zaharra eraman edo asko kaltetu zuelako. Horrelakoak hondamendiak beti izan ditugu historian, baina gero eta handiagoak gertatzeko arriskua dagoela ikusita, neurriak hartu behar ditugu. Alde batetik, dagoeneko lokalizatuak ditugun eremu urperagarri horietan ez dugu eraiki behar. Udalek, jendeak... beti daukate beste aldera begiratzeko tentazioa. Gainera, tartean interesak sartzen dira, ekonomikoak edo jendeak etxea behar duelako, baina arrisku tokietan ez da eraiki behar, edo eraikitzekotan oso baldintza zorrotzekin. Uholdeen neurria eta kalteak murrizteko beste hainbat neurri ere har daitezke. Garrantzitsua da arro osoa zaintzea. Ez da berdina baso mota bat edo bestea izatea, larreak edo dena porlanez estalia edukitzea. Elizondoko kasua aipatu dugu. Oso maiz urperatzen den tokia da, eta arazoetako bat Txokotoko presa da. Presa hori botaz gero, askoz ere arrisku ttikiagoa izanen litzateke. Baina hor bestelako kontuak daude tartean, batzuentzat presa horrek izugarrizko garrantzia izanen du...

2023ko ekainean Beran, Lesakan, Goizuetan edo Aranon gertatutakoak ere ez ditugu atzenduak... 

Bai, hori da, gertatzen ari dira, eta horrelakoetara moldatzen hasi behar dugu. Moldatzeko modu asko dago, batzuk oso gogorrak. Esaterako, Donostian auzo oso bat bota eta atzerago berreraiki zuten, ibaiari tokia emanez. Beste batzuetan, hainbestera ailegatu gabe, gutxienez alarma sistema on batzuk eduki beharko genituzke, eta horiei kasu egin. 

Behin eta berriz aipatu duzu uholdeak hartzeko arriskua duten lurretan ez eraikitzearen garrantzia... 

Hori da garrantzitsuena. Eraikita baldin badago, konpontzea zaila da. Kontua da, eremu urperagarri edo uholde arriskuko eremu horiek aspalditik ezagutzen ditugula eta beti «Bueno, igual ez» edo «Hemen beste zerbait izanen da» esaten dugula. Ur agentziakoekin edo ur partzuergokoekin hitz egiten dudanean, honela esaten didate: «Aspertuta gaude, toki batera zer arrisku dauden jakinaraztera joaten garenean, beti agertzen zaigulako bertako adituren bat gu baino askoz gehiago omen dakiena eta gaizki ari garela esaten diguna, guk esaten duguna ez dela egin behar, eta ibai ertzak garbitu behar direla esaten diguna». Ez, horrek ez du balio. Holako euri jasa handia dagoenean, ibai ertzean sasiak eta arbolak izan, edo deus ez izan, igual-igual du, ikaragarrizko ur kantitatea mugitzen delako. Arazoa ibai ertzetan eraikitzen delako gertatzen da.

Mendien kudeaketak ere badu bere garrantzia, ez? 

Bai, Bizkaian, Gipuzkoan eta neurri txikiagoan Nafarroan, eukaliptoa asko zabaltzen ari da, eta ikusi da eukaliptoa zenbat eta gehiago sartu, orduan eta agorte handiagoak izaten direla, baita uholdeak ere. Eukaliptoen hostoek argizari eta olio asko dute eta horren ondorioz, lurra iragazgaitzagoa bihurtzen da. Euria egiten duenean ura ez da filtratzen edo iragazten, eta beraz, uholde handiagoak eta aldi berean, agorraldi handiagoak eta luzeagoak eragiten ditu. Hala ere, ez da zuhaitz espeziaren araberakoa bakarrik. Asko dago hobetzeko. Pistak egiteko modua, ur bideak ongi mantentzea, ahal den tokian errekari eta ibaiari zabaltzeko tokia ematea... Hori guzia hartu beharko genuke kontuan. Berriz Elizondo hizpide hartuta, Elizondotik gora erreka bere bidetik ateratzen denean, zabaltzeko eremuak izanen balitu, horrek Elizondon gertatuko litzatekeen uholdea murriztuko luke. 

«Toki guzietan daude arriskuak, baina hemen begiak itxi eta beste aldera begiratzen dugu»

Arrisku naturalen inguruko simulakroak egin beharko liratekeela ere aldarrikatu izan duzu... 

Bai. Nire ingurukoei galdezka aritu naiz, eta bakarren batek baino ez dit esan beraien enpresan suteen kontrako simulakro bat egin izan dutela. Nik, adibidez, ez dut sekula egin. Halakoak enpresetan, herrietan, ikastetxeetan... Denean egin beharko genituzke. Orain dela urte batzuk, bost hilabete pasatu genituen Kanadan, eta hango eskoletan umeek gutxienez hilabetean behin simulakroak egiten zituzten. Eta ez hori bakarrik. Udalak paper bat bidali zigun gure etxean zeuden arriskuak zein ziren ohartaraziz eta desastre natural bat gertatuko balitz, lehenbiziko hiru egunetan gutxienez gure etxera laguntzera ez zela inor joanen esanez. Egoera oso larria baldin bada bai, noski, baina bestela, ez pentsatzeko gure etxera suhiltzaileak eta laguntzaileak lehenbiziko egunean agertuko zirela. Aldi berean, hiru egun horiek ahalik eta hobekien pasatzeko hartu beharreko neurrien berri eman ziguten: jatekoa, argia, ura, sua pizteko modua... Hori Kanadan oso argi zuten. Kanadan arrisku batzuk dauzkate, eta guk hemen beste batzuk. Toki guzietan daude arriskuak, baina hemen begiak itxi eta beste aldera begiratzen dugu. 

Eta zer eskatuko zenuke?

Eskaera asko egin behar dira. Deus baino lehen, gizarteak eta politikariek klima aldaketarena serio hartu beharko lukete. Joan den azaroan, COP29 goi bilera egin zuten Azerbaijanen, klima aldaketaren inguruan eztabaidatzeko. Bada, holakoetan Trump, Abascal edo holako negazionista batek ikaragarrizko kaltea egiten ahal du, erabakiak hartzen utzi ez, eta ondorioz, kalteak handitzen ahal dira. Ibai ertzetan eraikitzeko baimena berehala mugatzen ez badugu, hemendik bost urtera askoz ere etxe urperagarri gehiago izanen ditugu. Horrez gain, uholde arriskua adierazten duten mapa horiek kontuan hartuta, administrazio bakoitzak, udalek ere bai, eta herritarrok zer arrisku dauden aztertu eta horiei nola egin behar zaien aurre ikusten hasi beharko genuke. Prebentzio sistemak asko lagun dezake. Alde horretatik, uste dut Euskal Herrian nahiko ongi gaudela, sare meteorologikoa eta hidrometeorologikoa nahiko onak dira eta erraza da edozein herritako biztanle guziei abisua pasatzea, mugikorraren bitartez eta.... Udalek ere, plan orokorrak diseinatzen dituztenean, asko dute egiteko. Eta ez lukete gaur egungo klima kontuan hartuz lan egin behar, hemendik 50 urtera edukiko dugun klima kontuan hartuz baizik.

«Datozen hamarkadetan gero eta uholde handiagoak izanen ditugu, eta berdin haizeteekin eta beste fenomenoekin. Gure esku dago haiek sortutako kalteak neurri berean ez handitzea»

Beraz, bada soluziorik? 

Ez dago soluzio magikorik, baina arroko lurrek ahalik eta ur gehien xurgatzeko, uholdeek arroka gutxiago garraiatzeko, jendea bizi den tokietara ura polikiago ailegatzeko, uholde arrisku handiko eremuetan jende gutxiago eta daudenak prestatuago izateko asko egin daiteke. Eta hori dena batera egin behar da. Begira, orain dela urte batzuk Eskozian izan ginen. Eskozian klima aldaketaren ondorioz, gero eta euri gehiago egiten du, eta urteak daramatzate hori lantzen. Urteak pasatu dituzte ibaiak kanalizatzen, gero eta kanalizazio handiagoak eginez, baina horrek ere muga du. Horrekin segitu ezin dutela ikusita, bestelako aukerak aztertzen hasi dira. Kontua ez da ura ahalik eta azkarren bidaltzea beherantz, hala eginez gero, goikoen arazoa gutxituta, behekoena larriagotuko baita. Justu kontrakoa egin behar da: ura ahalik eta gehien atxiki arroan bertan, ahalik eta gehien filtra dadin. Helburu horrekin garai bateko hezegune pila bat berreskuratzen ari dira Eskozian, zohikaztegiak eta halakoak. Euria egiten duenean hezegune horiek esponja bezala funtzionatzen dute. Horrez gain, lurraren erabilpenaren inguruan ere hausnartzen ari dira, ez baita berdina oihana izatea, larrea izatea edo nekazaritzako soroa izatea. Zenbait tokitan ibaiak deskanalizatzeko lanean ere ari dira, ura kalte gutxiago egiten duen tokietan atera dadin. Gehiago ere bai, ibai ertzetan urpean gelditzeko parkeak diseinatzen ari dira, horiek ibaiei zabaltzeko tokia ematen dietelako, eta hartara, urak beherago kalte gutxiago eginen duelako. Holako neurriak hartzen hemen ere hasiak dira, baina oraindik noizbehinka eta esperimentu moduan. Hori neurri handian egiten hasi behar da. 

Zer aholku emanen zenuke? 

Alde batetik, klima aldaketarena ez zalantzan jartzeko azpimarratuko nuke, gainean dugu eta egiatan, gai serioa da eta prestatu behar dugu. Maila guzietako politikariei erakutsi behar diegu klima aldaketak kezkatzen gaituela, orduan hasiko baitira horri garrantzia ematen. Baina bestetik, askotan dena gobernuaren esku uzteko joera dugu, eta norberak ere asko egin dezake. Esate baterako, gure etxea uholde arriskuko eremuan baldin badugu, hurrengo uholdea etortzen denerako presta dezakegu. Datozen hamarkadetan gero eta uholde handiagoak izanen ditugu, eta berdin haizeteekin eta beste fenomenoekin. Gure esku dago haiek sortutako kalteak neurri berean ez handitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun