Herriko geltoki zaharra ez da erabiltzen 1953az geroztik. 2009an, Nafarroako Gobernuak eraikinaren kanpoko egitura birgaitu eta hormak eta teilatua konpondu zituen.Orain, dagokion jarduera baimena lortu ondoren, barrualdea eraberritzea da asmoa. Aterpetxeak lotarako berrogeita hamar lagunentzako tokia izango du, edukiera handiagoko eta txikiagoko geletan banatuta. Eraikinaren beheko aldean ostatu bat jartzeko asmoa ere badute, bisitari zein herritarrentzat irekia egonen dena. Lanak datozen hilabeteetan lizitatu eta segidan, hasiko dituzte lanak, 2026ko udaberrian ateak ireki ahal izateko.
Cederna Garalurren bidez, Next Generation funtsekin finantzatuko dute proiektua. Europar Batasunak finantziatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da, HTJP Plazaola-Sakana-Ultzamaldea egitasmoan.