Lasterka ibiltzen duela gutxi hasi diren emakumeak, hasi nahi dutenak edota ehunka kilometro eginak dituztenak. Denek dute tokia Irristariak taldean. Lasterka ibiltzeko gogoa izatea da baldintza bakarra: «oztopoak gaindituz eta elkarri bultzada emanez aurrera egitea da gure asmoa. Mendian zein kaleetan lasterka ibiliz gozatzea».
Zer da Irristariak eta zein helbururekin sortu duzue taldea?
Emakume lasterkari talde bat gara. Emakumeen artean lasterka ibiltzeko ohitura zabaltzea da gure asmoa eta mendian, kalean edo lasterketetan emakumeen presentzia areagotzea. Kirola sustatu eta komunitate bat sortu nahi dugu: taldearen babesean beldurrak eta kezkak gainditzeko laguntza eskaini eta kirol honen bueltan egon daitezkeen galderak eta zalantzak argitu nahi ditugu. Emakumeen artean sarea osatu: elkar lagundu, elkarri erakutsi eta elkarrekin bidea egin.
Nola eman duzue taldea sortzeko prozesua?
Lehenik eta behin, zegoen interesa eta beharra ikusteko, galdetegi bat prestatu genuen eta Whatsappez zabaldu genuen. Gure harridurarako, uste baino emakume gehiagok erantzun zuten eta argi ikusi genuen horrelako talde batean parte hartzeko interesa bazegoela. Ondoren, logo bat diseinatu genuen ahal genuen modura eta eskura dauzkagun baliabideekin. Erantzun zuten emakumeekin kontaktuan jarri ginen Whatsapp talde bat sortzeko eta azkenik, Instagrameko kontu bat sortu genuen bertan gure taldearen berri eman eta nahi zuten emakumeek bertatik ere taldera sarbidea izan zezaten.
Lehenago egin izan dira saiakerak herrian emakumeak lasterka ibiltzera animatzeko.
Lilatoirako entrenamenduak, San Silvestrea, Euskal Herria Mendi Erronkan erreleboka parte hartzeko aukera... saiakera ugari egin dira azken urteetan eta uste dugu horiek guztiek nolabait eman dutela fruitua. Egia da, geroz eta emakume gehiago ikusten direla, eta hori oso pozgarria da, baina oraindik bada zer hobetua. Gure ustez, pauso hori ematea ez da beti erraza, ez bakarrik lasterketetan parte hartzeko, baita lasterka ibiltzera animatzeko ere. Sarritan, barruko beldurrak, denboraren kudeaketak edo estereotipoak kontra izaten ditugu. Esan bezala, ez da saiakera bat egiten den lehen aldia, eta badakigu ez dela erraza izanen, baina orain zaletasun gehiago dagoela ikusita, tekla egokian ematea lortzen badugu, gauza politak lor daitezkeela uste dugu. Ilusioz hartu dugu erronka hau.
«Kirola sustatu eta komunitate bat sortu bat nahi dugu»
Zeintzuk izan daitezke gainditu beharreko trabak?
Ezjakintasuna, autokonfiantza falta, lesioak edukitzeko beldurra, denbora falta, beste betebehar batzuk edukitzearen oztopoa, nondik hasi ez jakitea, inguruan erreferente edo lagunduko dion beste emakumerik ez edukitzea…
Eta zer izan daiteke animatzeko arrazoia?
Alde batetik, taldean lasterka ibiltzea bera. Taldean babestuta sentitu, antzeko zaletasunak dituzten pertsonen artean harremanak sortu eta elkar motibatzeko bidea topatu daiteke. Ez dira ahaztu behar kirol honek osasun mentalean eta fisikoan eragiten dituen onurak eta naturarekin lortzen den konexioa.
Taldea sortu berria da, zenbat kide zaudete momentuz?
Momentu honetan 40 emakume animatu gara, Leitza edo ingurukoak gehienak, baina badaude beste herri batzuetako neska batzuk ere. Kopuru oso polita da, eta irteera zein entrenamenduak antolatzeko aukera ematen du.
Talde anitza zarete helburu eta mailari dagokionez.
Bai, hala da. Batzuk txapelketak dituzte burutan, beste batzuk tarteka kirol pixka bat egitea... goi mailako lehiaketetan ari dira batzuk eta urteak daramatzate besteek kirolik egin gabe. Badakigu ez dela erraza izanen denen beharrak asetzea, baina gaia mahai gainean jarri eta pixkanaka forma emanen diogu guztiari. Kontuan izan behar da guk ez dugula talde hau errendimendu talde bat bezala ikusten. Ez ditugu entrenatzaile kualifikatuak eta bestelako baliabide teknikoak eskura izanen. Talde hau elkar laguntzeko komunitate bat da. Borondatez ari gara hau guztia antolatzen eta momentuz, behintzat, ditugun baliabide eta ezagutzekin ahal dugun hobekien antolatzen saiatuko gara. Gutxieneko konpromiso bat eskatuko diegu taldeko kideei, denok ere ilusioa mantendu dezagun.
«Emakumeen artean interesa zegoelako sortu dugu taldea»
Lasterketen mundu horrek badituelako argiak eta ilunak?
Mendi lasterketek izugarrizko ospea hartu dute azken urteetan. Gaur egun lasterketa batean izena emateko ordenagailu edo mugikorrarekin prest egon behar dugu, konturatzerako dortsal guztiak amaitu ez daitezen. Orain moda modan daude, eta alde batetik pozgarria da, baina beste alde batetik beldur puntu bat ere ematen du, mendiari egin diezaiokegun kaltearengatik. Kirol polita da, baina kirolaz aparte, mendira goazenean beste hainbat gauza kontuan hartu behar ditugu, eta iruditzen zaigu askotan hau ahaztu egiten dela. Irristariak taldean lehia horretatik haratago, kirola lagunartean eginez sortzen den giro berezi horri eman nahi diogu garrantzia.
Entrenamendu egun batzuk finkatzea da asmoa?
Asmoa, gutxienez, astean behin hitzordu bat egitea da entrenamendu labur bat egiteko eta, noizbehinka, asteburuan mendira irteera luzeagoren bat egitea. Hala ere, beharren eta gogoen arabera hau aldatzen joanen da. Taldean aritzeak orain arte ez ditugun aukerak eskura jartzen lagunduko duela uste dugu. Elkarren artean komunikatzeko tresna baliagarri bat dugu eskura eta horrek modu informalago batean lan egiteko aukera ere ematen digu. Norbaitek lasterka ibiltzera joateko asmoa baldin badu taldean idatzi eta, agian, beste norbait ere joan liteke berarekin batera.
Norbaitek taldeko kide izan nahiko balu, zer egin beharko luke?
Gure Instagram kontuan Whatsapp taldeko link-a jarri dugu. Taldeko partaide izan nahi dutenak, hor klikatu eta taldera sartuko lirateke. Bestela, Leitzako kiroldegian galdetu dezake edo Irristariak taldeko kideei zuzenean galdetu.
Leitzan sortu duzue taldea, baina inguruko herrietakoei ere egin nahi diezue deia?
Ez gara Leitzara bakarrik mugatuko, noski. Egia da entrenamendu gehienak Leitzan eginen ditugula, gehiengoa bertakoa garelako, baina edozein animatu daiteke eta denak ongietorriak izanen dira. Gaur gaurkoz, badaude Leitzan bizi ez diren taldekideak: Aresokoak, Andoiangoak, Iruñerrikoak… eta aukera baldin badute, Leitzara etortzeko prest agertu dira.
Lehenengo irteerak egin dituzue, nola joan dira?
Lehenengo irteera oso ongi joan zen. Sei neska elkartu ginen eta primeran pasa genuen elkarrekin: gogoz eta ilusioz egin genuen irteera. Erritmo egoki bat hartu eta pentsatutako ibilbidea egin genuen, esperientzia polita eta motibagarria izan zen. San Silvestre lasterketan parte hartzea ere bultzatu genuen, normalean emakumeen parte hartzea oso txikia izaten delako, eta hainbat taldekidek osatu genuen lau kilometroko ibilbidea. Urtarrilaren 19an taldeko hainbat neskak Beteluko krosean parte hartzeko asmoa dugu.