Zaintzaren gaia hizpide izanen dute Leitzako Herri Aretoan ilbeltzaren 18an

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 16a, 08:00

Zaintzen inguruko lantaldearen bilera.

Leitzako Udalak parte hartze prozesuan bildutako hausnarketak, emaitzak, proposamenak, etorkizuneko erronkak... aurkeztuko ditu larunbatean 11:00etatik aurrera.

Leitzako Udalak zaintzaren inguruan lanketa egitea lehenetsi zuen agintaldi hasieran eta nondik hasi jakiteko, Matia Fundazioaren aholkularitza izan zuten. Zaintza egoeren argazki ahalik eta osatuena egitea funtsezkoa zela ondorioztatu zuten eta horretarako, lantalde bat jarri zuten martxan. Hainbat herritar gonbidatu zituzten taldera: erizainak, gizarte zerbitzuetako langileak, etxez etxeko langileak, zaintza jasotzen duten herritarrak, zaintza ez profesionala ematen dutenak, zaintza emozionala eskaintzen dutenak, zaintza beharrak dituztenen familiak, herriko eragileak, zaintza elkarteak... Otsailean egin zuten parte hartze prozesuko lehenbiziko bilera eta hilean behin egin dituzte lan saioak hainbat gai landuz: zerbitzuak, zaintza pasiboak, Leitza herri irisgarria ote den, herri zaintzailea ote den...

Talde eragilean lehenbiziko lanketak egin ondotik, etxez etxe galdetegi bat banatu zuten: «herrikide gehienen ahotsa biltzeko. Guretzat oso garrantzitsua baita denon iritzia jasotzea eta horren arabera eman beharreko pausoak zehazten joatea». 

Batean eta bestean bildutakoak jakitera emateko, hitzordua egin dute ilbeltzaren 18an Leitzako Herri Aretoan, 11:00etan. Zaintza herri aretora! izenburupean, parte hartze prozesuan bildutako hausnarketak, emaitzak, proposamenak, etorkizuneko erronkak... izanen dituzte hizketagai.

Zaintzan parte hartzen duten pertsona guztien beharrak modu integralean ase nahi dituzte: «bide luzea dugu oraindik egiteko eta elkarrekin egin behar dugu. Denok dugu zer esana eta ardura Leitza herri zaintzaile egokia izan dadin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun