XXV. Urrezko binakako aizkolari txapelketa Eusko Label Sariko jardunaldi bikaina jokatu zuten igande eguerdian Leitzako Amazabal pilotalekuan. Alde batetik, Iker Vicente eta Eneko Saralegi, eta bestetik, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jon Rekondo leitzarra aritu ziren eta saio parekatua eskaini zuten. Azkenean, hiru segundoko aldea besteri ez zen izan, baina Vicente eta Saralegi nagusitu ziren.
Halere, azken lan luzera kasik minutu erdiko aldearekin aurretik ailegatu ziren Txikia IV.a eta Rekondo, baina 60 ontzako lau enborretan bizkorrago ibili ziren Vicente eta Saralegi. 16 minutu eta 11 segundo behar izan zuten lana burutzeko irabazleek eta 16 minutu eta 14 segundo galtzaileek.
Binakako txapelketa nagusia ez ezik, banakako aizkolari txapelketan ere lehiatu ziren gazteak. 19 urtez beherako kategorian Aitor Saralegi (05.01) gailendu zitzaion Beñat Senosiaini (05.53) eta 23 urtez beherakoan Aritz Oiarbidek (04.09) irabazi zion Igoin Pikabeari (04.52).
Harri handietako banakako harri-jasotze txapelketari dagokionez, Imanol Royo Lartain aritu zen Leitzan eta denera 23 jasoaldi egin zituen (3.279 kilo): bina minutuko txandetan 6 jasoaldi 175 kiloko laukizuzenari (1.050 kilo), 8 jasoaldi 138 kiloko kubikoari (1.104 kilo) eta 9 jasoaldi 125 kiloko bolari (1.125 kilo).