Binakako Txapelketako lidergoa eskuratu nahi du Goiuri Zabaletak larunbatean Larrabetzun

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 10a, 13:30

Binakako txapelketako lehen partidan Osesek eta Zabaletak 22-17 irabazi zieten Garairi eta Mendizabali eta orain, lidergoa dute jokoan.

Osesekin batera ariko da leitzarra bigarren jardunaldian, Arrizabalagaren eta Bergararen kontra

Eguberrietako etenaldiaren ostean, indartsu bueltatuko da Emakumeen Binakako Txapelketa Nagusia larunbatean, Larrabetzun jokatuko den jaialdi ezin interesgarriago batekin. Olarreta Pilota Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien barrenean, goi mailako emakumeen pilota jaialdia izanen da, 18:00etatik aurrera eta lidergoa jokoan egonen da. 

Arrizabalaga-Bergarak (22-17 Aldai-Zabalari) eta Zabaleta-Osesek (emaitza berarekin Garai-Mendizabali), garaipen batekin estreinatu zuten Binakakoa Etxebarrin eta bigarren jardunaldian Larrabetzun elkarren aurka jokatu beharko dutenez, 22ra heltzea lortzen duen bikoteak ziurtatuta izango sailkapeneko lehen postua, gutxienez beste astebetez. Bi aurrelariak egungo Binakako eta Lau eta Erdiko txapeldunak dira eta bada ikusminik bi pilotari handi hauen arteko dema ikusteko, are gehiago gernikarrak kaiolakoan parte hartzeari uko egin behar izan ziola kontutan hartuta. 

Baina partida nagusia handia bada, jaialdiko lehen partida ez da atzera geratzen eta estreinakoan 22ra heldu ezinik gelditu ondotik, Aldai-Zabalak eta Garai-Mendizabalek ez dute gehiago itxaron nahi euren lehen puntua eskuratzeko. Lehen partidan irabazterik izan ez bazuten ere, bi bikoteak itxura ona eman zuten lehen jardunaldian eta ziur Gabonetako geldialdiak indarberritzeko modua eman diela. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun