Jardunaldia Plazaolako bide berdetik egindako bisita gidatu batekin abiatu zen ostegun goizean, Larraungo udaletxean hasiz eta Ixkierreko ur-jauzian amaituz. Javier Irigoienek, Ondare Kultur taldeko kideak, Mugiroko paraje hau berreskuratzeko egindako boluntariotza lanaren berri eman zuen. Bertan, ur-jauziaren ondoan, antzinako irin errota baten hondakinak nabarmentzen dira.
Eguerdian, Aralar Musika Eskolako abesbatzak ongi etorria eman zien bertaratutakoei, Riskitin diskoan jasotako Larraungo herri kantutegiko piezak interpretatuz, hala nola, Una Planeta Etxarriko (Larraun) 1920ko sehaska kanta.
Bideoa
Ongietorriaren ondotik, Arkaitz Goikoetxea Arriola partzuergoko lehendakariak eta Lekunberriko alkateak hitz egin du, partzuergoaren 30 urteko ibilbidea gogoratuz, eskerrak emanez lan horretan lagundu duten pertsonei, eta parte-hartze prozesu zabal baten ondotik 2022an onartutako erakundearen ildo estrategikoak garatuz.
Ondotik, bideo oroigarri bat aurkeztu zuten, partzuergoaren hainbat garaietan parte duten pertsonekin.
Jarraian, mahai ingurua egin zuten honako parte-hartzaileekin: Ana Rivas (Nafarroako Turismo zuzendari Nagusia), Iker Urcelay (Basquetour Marketing Product manager), Arantxa Hernández Colorado (Vías Verdes FFEko kudeatzailea, Fundación Ferrocarriles Españoles), Ina Sorabilla (Lehendakari ohia eta Venta Muguiroko arduraduna); Mikel Armendariz (Iruñeko Sustapen Ekonomikoko zinegotzia), Amaia Govillar (Mendukilo kobazuloko ordezkaria). Maitena Ezkutarik, partzuergoaren egungo gerenteak, moderatu zuen mahaia, eta interes handiko lan-proposamenak egin ziren bertan. Beste lurralde eta erakunde batzuekin Plazaola bide berdearen inguruan lan mahai bat sortzea izan da horietako bat, bereziki promozioa bultzatzeko.
Lorena Arangoak aktoreak, bere pertsonaiarik maiteenetako bat aurkeztu zuen, Jaxinta. Landa eremuan emakumeen nortasunetik eta indarretik edaten duen ikuskizuna.
Omenaldia
Partzuergoaren hastapenak eta 90eko hamarkadan aurre egin beharreko erronkak gogoratzeko tartea ere izan zen, Jose Maria Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Partzuergoko lehendakari ohia eta partzuergoko sustatzailearen eskutik.
Oroitzapenezko aztarnarekin jarraituz, partzuergoak omenaldia egin nahi izan zien proiektuan sinetsi eta 1994an elkartu ziren pertsona haiei, gaur egun enpresarekin jarraituz. 53 enpresa izan ziren erakunde hau sortu zutenak, tartean landetxeak, hotelak, kanpinak, jatetxeak, tabernak eta artisauak, gaur egun 112 kide daude. Hasierako kide horiei opari bat eman zieten, eguzkilore bat eta diploma bat, komunitate horretan etengabe parte hartzeagatik. Gainera, opari hori bera eman zaie erakundean lan egin duten pertsonei.
Amaitzeko, kultura, kirol eta turismo sailburu Rebeca Esnaolak itxi zuen jardunaldia, gogoratuz joan den udaberrian amaitu zela Sarasa-Iruñea bide berde hori berreskuratzeko azken zatia, proiektu hau sendotzeko mugarria dena.
Bederatzi udal eta 112 kide pribatu
Partzuergo turistikoa 9 udalek eta 112 kide pribatuk osatzen dute (ostalaritza, alojamenduak, zerbitzu turistiko anitzak eta artisautza). Hainbat proiektu turistiko berreskuratzeaz gain, ekitaldiak antolatzeaz arduratzen da, zonalde osoaren sustapenaz, eta aholkularitza, prestakuntza, laguntza eta diru-laguntzen kudeaketa eta dinamizazio turistikoa eskaintzen ditu, besteak beste.
Partzuergoak Lekunberriko geltoki zaharrean du egoitza soziala, baina hilabete hauetan itxita dago, Turismo Zuzendaritzak bultzatutako efizientzia energetikoaren lanen ondorioz. Eraikin horrek, gainera, partzuergoak berak kudeatzen duen eskualdeko turismo bulegoa eta bertako produktuen denda hartzen ditu. Gaur egun, zerbitzu horiek Larraungo udaletxean daude.
2024an zehar Turismo Bulegoak 13.000 pertsona inguru artatu ditu. Bisitarien profil nagusia seme-alabak dituzten bikoteak eta bikoteak dira, 35-50 urte bitartekoak, eta 50 eta 65 urte bitartekoak. Jatorriari dagokionez, Euskal Herrikoaz gainera, Bartzelona, Madril eta nazioarteko merkatukoak Frantzia, USA, Herbehereak, Alemania dira. Nabarmentzekoa da Belgikako eta Herbehereetako turista atzerritarren kopuruak gora egin duela, batez ere 40 eta 60 urte bitartekoen artean. Izan ere, Plazaolako bide berdea hartu dute erreferentzia gisa.